Haritz LARRAÑAGA
G7

ALTERNATIBAK ERAIKITZEN HASI DIRA G7 EZ! KONTRAGAILURREAN

G7 EZ! ETA ALTERNATIVE G7! PLATAFORMEK ANTOLATU DUTEN KONTRAGAILURRA ATZO HASI ZEN FICOBAN. «EUSKAL HERRITIK BESTE MUNDU BAT SORTZEN» LELOPEAN, EGUNGO AUZI NAGUSIAK JORRATUKO DITUZTE JATORRI DESBERDINETAKO MILAKA PERTSONAK. PARTE HARTZEKO ETA MOBILIZATZEKO DEIA LUZATU DUTE.

Ateak ireki bezain laster jatorri eta pentsaera desberdinetako jendea iristen hasi zen. Hasieran tantaka, eta egunak aurrera egin ahala zirristan, Ficobako erakustazokako atea ehunka lagunek gurutzatu zuten. Batzuk oinez iritsi ziren, besteak bizikletan eta bazen patinetan heldu zenik ere. Bisitarien aniztasunak koloreetan zuen isla. Goitik behera beltzez jantzita ziren anarkistak bandera beltzekin. Komunistak gorriz, bandera gorriekin. Eta lurraren berotze efektuaz ohartarazten zuten gazteak, berriz, bandera berdeekin.

Iritsi orduko harrera gunean banatzen zituzten lepokoek eta txartelek ere koloreen arabera sailkatzen zuten jendea. Morea arduradunentzat, urdina laguntzaileentzat eta koloretako lepokoa kazetarientzat.

Harrera eremuan hizkuntza desberdinetan entzun zitekeen esaldi errepikatuena zera zen: «Banuen zu ezagutzeko gogoa». Haietako batzuk, Euskal Herrira iritsi berriak zirenez, lur hartzen ari ziren, eta oraindik baliza soinean zeramaten. Beste batzuek, ordea, asteak zeramaten bertan jardunaldiak prestatzen.

Ficobako bertako langileez gain, antolakuntzako 50 lagun ari ziren lanean goizean. Bazen zeregina, kazetariak gidatzen, itzulpen entzungailuak banatzen, mahaiak muntatzen, janari eta edari eskaintza gunea atontzen, edo partaideen izen-emateak konfirmatzen. Eta arratsaldean beste 50 laguntzailek hartu zuten lekukoa. Egunero ehun laguntzaile behar dituzte Ficobako egitaraua bermatzeko.

Kontragailur on!

Goizeko hamarretan hasi zen kontragailurraren irekiera ekitaldia. Lehenik, G7 EZ! eta Alternative G7! plataformetako ordezkariek hitz egin zuten. Eñaut Aramendi, Anabel Sanz, Aurelie Trouve eta Sebastien Bailleul bozeramaileek, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez eman zieten bisitariei ongi etorria.

Jarraian, kontragailurreko bizkarrezurra izango diren arloetan lanean ari diren pertsonaia ezagunek hitz egin zuten. Jose Maria Uria Gaurgeroa-Duintasuna pentsiodunen elkarteko bozeramaileak, “Aita Mari” ontziko ordezkari batek, Mixel Berhokoirigoin bake artisauak, Genevieve Legay Nizan poliziak zauritutako adineko txaleko horiak, zein Johan Riviere ikasle mugimenduko kideak, «arlo bakoitzeko borrokak, mundu mailako borrokekin txertatu beharra» azpimarratu zuten. Luciana Ghiotto feministak, ostera, Hego Amerikako ordezkari gisa mezu bat ekarri zuen: «Ez zaudete bakarrik».

Hizlarien aitzinean, arretaz entzuten zuten kazetari eta entzule andana elkartu zen. Oholtzaren gibelean, ostera, bisitariak zeuden, elkarte anitzek beren borroken berri emateko ezarri zituzten 40 stand inguru ikuskatzen. Guztiei, «kanpaldi on eta kontragailur on» bat izan dezatela esanez amaitu zuten irekiera ekitaldia goizeko hamaikak aldera.

Hitzaldi maratoia abian

Irekiera ekitaldia amaitu bezain laster, konferentzien maratoia hasi zen, eta hitzaldi aretoak betetzen hasi ziren. Hitzaldiak lau hizkuntzatan eman ahal izateko itzulpen zerbitzua prest zen, itzultzaileak beren kabinetan ziren, eta entzuleek, jakin-gosez, entzungailuak jarrita itxaroten zuten eserlekuetan.

Hitzaldiak eskaintzeko tamaina desberdinetako aretoak ditu Ficoba erakustazokak, horrela, bada 400 eserleku dituen areto handi bat, eta baita 80 entzule edo gutxiago biltzeko aukera eskaintzen duten gelak ere. Ondorioz, izan zen leku faltagatik hitzaldira sartzeko aukera galdu zuenik ere.

Bestalde, asko izan ziren arrazoi desberdinengatik Ficoban egon ezin izan zutenak. Horietako bat, egun espetxean aurkitzen den Jordi Cuixart zen, Omnium Culturaleko lehendakaria. Ordea, militante katalanak G7 EZ! plataformako kideei igorri zien gutun baten berri eman zuten antolatzaileek.

Eguerdian, indarrak hartzeko jangelako mahaiak hartu zituzten lagunek, platerak hustu eta sabelak bete zituzten. Goizetik bero-bero zen kafe makinari esker, entzuleek hitzaldiez gozatzen jarraitu ahal izan zuten, eta entzule berriak ere iritsi ziren.

Hendaiako Kaneta auzoan muntatu dituzten eremu Intergalaktikoan eta Gazte Gunean ere mugimendua zen nagusi, eta horrela izango da gaur eta bihar ere. Asteburuan, berriz, mobilizazioak izango dira.

Honi buruzko guztia: G7