GARA
DONOSTIA

Beste sei film gehitu dira Zinemaldiko Sail Ofizialera

Sarah Gavron, Sonthar Gyal, Malgorzata Szumowska, Gonçalo Waddington, Alice Winocour eta Paxton Winters batu dira 67. Zinemaldiko Urrezko Maskorra lortzeko lehiara. Guztira hamazazpi pelikulek osatuko dute Sail Ofiziala. Aurkeztu berri dituzten sei lanen artean nerabeen istorioek berebiziko garrantzia dute, eta familia zein erlijio arazoak islatzen dituzte. Sarah Gavron 2007an izan zen Donostian lehen aldiz, Zuzendari Berriak sailean.

Zinemaldiko 67. edizioko Urrezko Maskorraren lehian parte hartuko duten beste sei pelikularen izenak ezagutu berri ditugu. Sarah Gavron, Sonthar Gyal, Malgorzata Szumowska, Gonçalo Waddington, Alice Winocour eta Paxton Winters zuzendariek euren proposamenak aurkeztuko dituzte publiko donostiarraren aurrean. Guztira hamazazpi filmek hartuko dute parte Sail Ofizialean, sari nagusia eskuratu nahian.

Sarah Gavronen lehenengo lana, “Brick Lane”, Zuzendari Berriak saileko aukeran sartu zen 2007an. Oraingoan Donostiara “Rocks” lanarekin itzuliko da nerabe baten istorioa kontatzeko; neba txikiarekin bakarrik bizi da, agintariek horren berri izanez gero bananduko ote dituzten beldurrez.

Sonthar Gyal tibetarrak “Ala Changso” lana aurkeztu zuen iaz Shangain eta Epaimahaiaren Sari Berezia eta Gidoi Onenaren Saria eskuratu zituen lan horri esker. “Lhamo and skalbe” filmean, berriz, iraganeko kontuak direla-eta ezkondu ezin den bikote bat da protagonista.

Malgorzata Szumowskak ibilbide arrakastatsua izan du Europako jaialdietan zehar. Zinemaldian proba egingo du “The Other Lamb” filmarekin. Protagonista nerabe bat da, erlijio alternatibo baten jarraitzaile sutsua dena.

Portugalen dramagile eta antzezle gisa ibilbide luze eta arrakastatsua egin ondoren, Gonçalo Waddington estreinakoz aritu da formatu luzean zuzendari. “Patrick” filmean. Bertan, txikitan bahitutako nerabe baten istorioa kontatu du.

Alice Winocour paristarrak Cannesen aurkeztu zituen bere lehen bi filmak. “Proxima”-n, Matt Dillon eta Eva Green zuzendu ditu; 7 urteko alabarekin bakarrik bizi den astronauta baten azalean jarriko da Greene. Azkenik, Paxton Wintersek “Crude” (2003) filmarekin egin zuen debuta, eta Seattlen eta Los Angelesen saritu zuten. “Pacified” Wintersen azken lanak nerabe baten eta espetxetik atera berri den trafikatzaile baten arteko adiskidetasuna kontatuko digu, Brasilgo Olinpiar Jokoetan Rioko favelen gaineko polizia-kontrola testuingurutzat hartuta.

Penelope Cruzek irailaren 27an jasoko du Donostia Saria

Irailaren 27an, 22.00etan, Kursaal jauregian egingo den galan ibilbide osoaren Donostia Saria jasoko du Penelope Cruz aktoreak. Saria banatu ostean Olivier Assayasen “Wasp Network” filma proiektatuko da. Madrildarra pelikula horretako protagonistetako bat da. Galara joateko sarrerak jada salgai daude Zinemaldiaren webgunean, 45 eurotan.

“Wasp Network” filmak Veneziako zinema jaialdian izango du munduko estreinaldia. Estatu frantsesaren, Brasilen, Estatu espainolaren eta Belgikaren arteko koprodukzio honek, besteak beste, Edgar Ramirez, Gael Garcia Bernal, Wagner Moura, Ana de Armas eta Leonardo Sbaraglia aktoreak bildu ditu antzeztaldean, Penelope Cruzekin batera. Kubatar espioien sare bati 90eko hamarkada amaieran AEBetan espiatzea eta hiltzea leporatu zitzaienekoa kontatuko digu filmak.

«Donostia Sariaren berria emozioz beteta eta Donostia Zinemaldiarekiko esker onez jaso dut, sekulako ohorea da niretzat. Zinemaldia ez da soilik nazioartean errespetu handia duen zinema jaialdia, Espainiako garrantzitsuena ere bada. Gainera, maitasun berezia diodan lekua da, oso gaztetatik bertaratu naizelako eta oso une zirraragarriak bizi izan ditudalako bertan. Mila esker bihotz-bihotzez», adierazi zuen aktoreak saria jasoko zuela jakitean.GARA