Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Eredugarria (eta II)

Hain zuzen, otsailean, Nazio Batuen ordezkaritza bat izan zen Belgikan afrikar jatorriko herritarrek jasandako arrazakeria, xenofobia, afrofobia zein bestelako erasoen gaineko informazioa biltzen egungo egoera ebaluatu eta arrazakeria eragozteko neurriak zehazteko. Txostenean jasotako gertaeren artean bat gaitzesten du bereziki: “tradizioaren” izenean Belgikak sutsuki defendatu eta babestu duen aurpegia beltzez margotzearen ohitura. Era berean, urtarrilean, komikiaren 90. urteurrenaren harira, “Tintin au Congo” berriro argitaratu zela-eta kezka agertzen du NBEko ordezkaritzak, eta komikia baztertzeko edo Kongoko biztanleez eskaintzen duen irudi arrazistaren testuingurua azaltzen duen hitzaurrea gaineratzeko aholkatzen du. Bi gertaerei begira Belgikako Gobernuak zer jarrera agertuko duen ikusteko dago. Gizartean erroturik dago afrikar jatorrikoen errepresentazio estereotipatua; iraingarria denik ere ez zaie iruditzen, horren adibide hil honetan errege bildumak izandako eta orain Afrika Museoa bezala ezagutzen den erakundearen irekiera ekitaldian “afrikarren moduan” janztera gonbidatu zituztela herritarrak. Batzuek aurpegia beltzez margotu zuten; beste batzuek kolonialismo garaiko zurien janzkera hautatu zuten. Sortutako polemikaren aurrean barkamena eskatu du museoak, baina keinu txikiegia da hori, erakundearen izen aldaketa bera bezala.