Ainara Maya Urroz
Idazlea
KOLABORAZIOA

Garaten amodio mina

Frantziako Erresuman 1789 eta 1799 arteko urteak ilunak eta bortitzak izan ziren, batez ere Ipar Euskal Herrian eta Euskal Herri osoan. Mendeetan hor izan dituzten instituzioak galtzeaz gain, Errepublika erradikal eta zentralistaren kolpeak errezibitu behar izan dituzte. Lekukoek ezin dute gehiago lehen bezala parte hartu bizi publikoan, sufragio zentsitarioaz guttiengo aberats bat baizik ez baita baliatzen. Baina Iraultzak kapitulu berri bat ireki du, eta lehengo probintzien interesak baztertu eta euskararen erabilpenean oinarritua litekeen euskaldunen arteko instituzio baten aldeko defentsa sortu da. Instituzioa eta hizkuntza gaurko bi borroka ere badira...

Giro nahasi hori bizitzea eta protagonista izatea egokitu zitzaion Domingo Garat lapurtar legegizonari, eta bere kontraesanekin alde batetik eta bertzetik kolpatua izan zela deritzot. Frantziako ordezkariek herria departamentu berriz zatitu nahi dute: bearnesak eta euskaldunak elkartuz; Garat anaiak oldartzen dira, baina galtzaile ateratzen dira.

Liberté, egalité, fraternité aldarrikatuz, aniztasun oro desagertzea zen helburu, eta iragan agorrilaren 4an Pagolan antzeztu zen pastoralean adi-adi egon nintzen oholtza gainera behatuz. 12. jelkaldian edo ekitaldian Musde Villontreix de Faye bearnesa, Oloroeko apezpikua, mintzatu zen, eta hizkuntzen aniztasuna aintzat hartu gabe eta euskaldunekin batera departamendu frantses berri bat eraikitzeko asmoz, lehentasuna eman zitzaion mintzaje bera elestatzeari. Pastoralean Garat anaien aurrean arrazoiak ematen ditu departamendu berri horretarako, bearnes eta euskaldunek mintzaje bera ez ukanik ere, harremanak dituztela aditzera emanez, eta diktadura kutsuko iraultza frantsesaren leloa goiburu hartuz, mintzaje ororen gainetik bertze mintzaje bat amodioarena edo maitasunarena lehenesten du, Garat anaiak departamendu berriaren alde atxiki daitezen konbentzitzeko: «Bestalde ezagützen düt, mintzaje orotakoa, denentzat balio dena, hots amodioarena». Bertso lerro hori ez nuen oholtza gainean entzun baina pastoralaren liburuxkan irakurri nuen, eta pentsatu nuen neurekiko, nahi gabe ahantzi ote zitzaion aktoreari ala nahita ez ote du aipa bearnesaren maitasun hitz iruzurtia.

Izan ere, nor ez legoke ados iraultza frantsesaren goiburu horrekin? Askatasuna, berdintasuna, anaitasuna! Eta ororen gainetik maitasuna! Ni neu ez nago ados hitz horien gibelean bihotzik ez dagoelako eta bai faltsukeria, hitz hutsa, mamirik gabea eta bortizkeria. XVIII. mende amaierako urte haiek bortizkeriaz eta gorrotoz beterik zirela adierazi zidan iragan igandeko pastoralak xibereraz. Hitz horiek hutsalak dira, bestea errespetatzen ez dugularik, eta berdintasunaren alde ez nago ni ere garaiotan.

Nik emakume gisa ez dut aldarrikatzen berdintasuna, ez bainaiz beste pertsona baten berdina; baina bai aldarrikatzen dut eskubideen eta betebeharren berdintasuna. Nik pertsona gisa ez dut aldarrikatzen askatasuna, ez badut besteak bere hizkuntzan bizitzeko duen askatasuna onartzen eta neure mintzajea besteari inposatu nahi badiot, eta hori egin zuten zenbait frantses burgesek: euren askatasuna baliatu desberdinaren edertasuna zapaltzeko, amodioa alde batera utziz.

Egiazki amodioaren mintzajea erabiliko bagenu, egiten dugun orotan bihotza eta zintzotasuna jarriz, ez genuke askatasuna, berdintasuna, anaitasuna aldarrikatuko, eta bai aldarrikatuko genuke giza eskubideen ordez, aniztasunaren eta desberdinaren maitatzea, beti «bai» erratea alegia, «bai» bihotzez: Bai da bai!

«Liberté, egalité, fraternité» hitzak entzünik, nik ere Domingo Garaten gisa bere kontraesan eta bertute guztiekin, nahiago niz partitü, herra dutenekilan ezin beita deüs ere xüxenik moldatü. Instituzioa eta hizkuntza gaurko bi borroka ere badira... euskal departamentu baten eskaria hor da oraino, eta orduko eskaerek gaurkotasunik ez dute galdu. Jakin dezagun oraingoan gure aukera profitatzen, iraganeko akatsetatik ikasiz.