Haritz LARRAÑAGA
HENDAIA

Urruñako kanpalekura sartu eta atxiloketak egin ditu Poliziak iluntzean

.
.

Argazki handi batekin eman zioten atzo bukaera Ficoba erakustazokan hiru eguneko hitzaldi eta tailer maratoiari, pozik egindakoarekin. Baina hortik gutxira albiste txarra heldu zen Urruñako kanpalekutik, Polizia bortziki bertara sartu baitzen, aurreko istilu batzuk aitzakitzat hartuta, antza denez.

Albiste hau amaitzeko orduan gertatu zen (informazio gehiago NAIZen). Lehenengo datuen arabera, daitekeena da lau atxilotu eta zauritu bat izatea. Hala ere, lasaitasunareko deia egin berretsi zuten kontragailurraren antolatzaileek eta prefetarekin hitz egiten ahalegintzen ari ziren.

Aurretik, 250 lagunek Urruña eta Donibane Lohizune arteko errepidean manifestazioa egin zuten eta bide mozketak eragin zituzten. Polizia frantsesak dozena bat atxilotu zuen bertan, eta zertxobait beranduago kanpalekura sartu zen.

Cuixarten mezua

Eguna ilundu zuen azken orduko oldarraldi honek. Izan ere, antolatzaileek kontragailurraren balorazio «oso positiboa» egin zuten, eta asteburu osoan zehar izango diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu zuten.

Hiru egunetan, 200 hizlari eta dinamizatzailek 98 konferentzia eta tailer eskaini dituzte, eta 6.000 lagunek parte hartu dutela eman zuten aditzera bukaera ekitaldian.

Bestalde, atzo arratsaldean Ficoban egin zuten herri asanbladan gaur Hendaian egingo den manifestazioan irakurriko duten agiria adostu zuten. Eñaut Aramendi, G7 Ez! plataformako ordezkariak azaldu zuenez, «azken egunetako debateetatik atera diren puntu komunak bildu ditugu».

Horrez gain, epe ertain eta luzera begira izango dituzten agenda soziopolitikoak adostu zituztela argitu zuen Aramendik. Bere hitzetan, «mundu mailan, Estatu frantsesean eta Euskal Herrian hurrengo urte eta hilabeteetan izango ditugun hitzordu nagusiak finkatu ditugu».

Kontragailurrean jorratu zituzten «zazpi tematika nagusien inguruan hainbeste jende biltzea garaipen bat» dela azpimarratu ostean, asteburuan izango diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu zuen G7 Ez! plataformako bozeramaileak.

Ficoban egindako itxiera ekitaldian, egun Lledonerseko espetxean den Jordi Cuixart Omnium Culturaleko lehendakariaren gutun bat irakurri zuten. «Elkartasuna herrien samurtasuna da», gogoratu, eta «gizarte justu eta libre» baten beharra aldarrikatzen zuen Jordi Cuixartek. «Adorearekin eta estimu handiz, beti aurrera!» hitzekin amaitzen zen gutuna.