Haritz LARRAÑAGA
HENDAIATIK IRUNERA

«BESTE MUNDU BAT» ALDARRIKATU DUTE 15.000 LAGUNEK

AURREIKUSPEN GUZTIAK GAINDITU ZITUEN G7 EZ! ETA ALTERNATIVE G7! PLATAFORMEN DEIARI ERANTZUNEZ 15.000 LAGUN BILDU ZITUEN MANIFESTAZIOAK. IRAGARRI MODUAN, «MOBILIZAZIO KOLORETSU ETA ALAIA» IZAN ZEN. IBILBIDEAN IKUSI AHAL IZAN ZEN POLIZIA UNIFORMATU BAKARRA ERTZAINTZA IZAN ZEN.

Hendaiako hondartza ohiko moduan betetzen hasi zen une berean, milaka lagun handik gertu dagoen portu inguruan pilatzen hasi ziren. Goizeko hamaiketan puntuan, “Euskal Herritik beste mundu bat sortzen” goiburua zuen pankarta ireki zuten G7 EZ! eta Alternative G7! plataformetako kideek, eta dozenaka kazetari informazio eske gerturatu ziren.

Eñaut Aramendi, Anabel Sanz eta Aurelie Trouve bozeramaileek euskaraz, gazteleraz eta frantsesez egin zituzten lehen adierazpenak. Kazetariz inguratuta, hizkuntzaz aldatzen zutenean, parean zituzten erreportariek ere erreleboa hartzen zuten.

Lehenik eta behin, hiru egunez burutu zituzten tailer eta konferentzien antolaketa nabarmendu zuten, eta «lorpen bat» izan zela azpimarratu zuten, «ez baita batere erraza ehun antolakunde desberdin biltzen dituzten bi plataformaren artean halako adostasunak lortzea», argitu zuen Aurelie Trouvek.

Zazpi tematika nagusiren inguruan antolatu ziren 98 hitzaldi eta tailerretan parte hartu zuten 6.000 lagunak zoriondu zituzten antolatzaileek. Parte hartzaileen aniztasuna eta alternatibak eraikitzeko ezarri zituzten oinarriak izan zituen hizpide G7 EZ! plataformako kideak. Kazetariek, ordea, bezperan izan ziren atxiloketen inguruko informazioa nahi zuten.

Aramendik azaldu zuenez, «kanpalekutik at izan ziren istiluen ostean poliziak 17 pertsona atxilotu zituen eta 20 pertsona zaurituak izan ziren; kanpalekuan ere agertu ziren, baina polizien buruekin hitz egin ostean alde egin zuten, eta normaltasuna berreskuratu zen».

Kolore biziak

Manifestazioa abiatu bezain laster, Fermin Muguruza eta Bad Sound Sistem musika taldea kontzertu ibiltaria eskaintzeko prestatzen hasi ziren. «Ez, ez ez, G7 ez, bai, bai, bai, alternatibak bai!», izan zen manifestariek oihukatu zuten lehen lema. Hortik aurrera, «festa» hasi zen.

Manifestazio ofizialaren aurrean, aitortu gabeko beste manifestazio bat ezarri zela zirudien. Izan ere, ehun bat kazetarik osatzen zuten multzo batek ibilbidea irekitzen zuen. Kaneta auzora iritsi ziren arte. Han, joaldunek hartu zuten manifestazioa gidatzeko konpromisoa, eta beren eginkizuna bikain bete zuten, gainera.

Txistu, tinbal, soinu txiki eta adar soinuen artean, irrintziak ere entzuten ziren manifestarien artean, jendea pozik baitzegoen. Antolatzaileen aurpegiek ere disimulatu ezineko alaitasuna erakusten zuten.

Kotte Ezenarro Hendaiako auzapeza, manifestaziora joateko asmorik ez zuela iragarri zuen arren, antolatzaileei eta parte hartzaileei kasu egitera gerturatu zen eta pozik zegoela aitortu zuen. Auzapezaren iritziz, «Euskal Herrian ez dugu manifestazioetan hiri-altzariak puskatzeko ohiturarik, horregatik ongi dago antolatzaileek esatea Euskal Herrian gauzak egin behar badira, hemen egiten diren moduan egingo direla»

Artean, gerizpean pilatuta ziren lagun multzoek manifestazioa iristea itxaroten zuten patxadaz, bide ertzean, jende masarekin bat egiteko. Horrela, manifestazioa Hendaiako tren geltokira ailegatu zenean, berrehun bat lagunek txaloka hartu zuten joaldunek zuzentzen zuten manifestazioa.

Santiago zubira iritsi zenean hiru pankartarekin topo egin zuen manifestazioak. Lehenak, “Munduan ezarritako mugak” goiburua zuen; bigarrenak, “Jendartean ezarritako mugak”, eta hirugarrenak, “Herriei ezarritako mugak”.

Joaldunek, mugak irudikatzen zituzten hiru pankartak hankaz gora bota zituzten, eta elkarri animoak emateko edo, «gutxi falta da!» oihukatzen zuten. Izan ere, eguzkiak gogor jotzen zuen atzo Bidaso inguruan. Baina ez ziren izan joaldunak beroa pasa zuten bakarrak. Zubiaren bestaldean, goitik behera beltzez jantzita eta kasko gorriekin atonduak ziren ertzainek ere, izerdi apur bat botako zuten, nahiz eta korrikarik egin ez.

Irungo Ficoba erakustazokaren aurrealdera iritsi zirenean isildu ziren joaldunen bulunba hotsak, eta txalapartariak makilak astintzen hasi ziren. Horrela, jendea iristen joan ahala, txalapartaren doinua azkartzen joan zen eta Ficobako plaza bete zenean, abiada bizian zihoan ohol musika kolpe batean geratu zen. Orduan, itzelezko txalo zaparrada entzun ahal izan zen.

Kontragailurraren deia

Sebastien Bailleul Alternative G7! plataformako kideak, eta Edurne Larrañaga G7 EZ! plataformako kideak eman zieten ongietorria Hendaiatik iristen ari ziren manifestariei. «Irribarrea galdu gabe» azken egunetan lanean aritu diren eta «kontragailur hau posible egin duten laguntzaileei» eskerrak eman ostean, manifestazioan parte hartu zuten «guztiei zorionak» eman zizkieten.

Oinak zerura eramaten zituzten bi dantzarik hartu zuten jarraian oholtza eta aurreskua dantzatu zieten manifestariei. Hauek ere txalo zaparrada jaso zuten, batez ere, jendartean ziren atzerritarrengandik.

Amaitzeko, ostiralean Ficobako erakustazokan adostu zuten “Kontragailurraren deia” izeneko manifestua irakurri zuten, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez, Eñaut Aramendi, Aurelie Trouve eta Anabel Sanz, G7 Ez! eta Alternative G7! plataformetako bozeramaileek.

«Desberdintasunak murriztea helburu dutela lau haizetara zabaldu arren, G7a desberdintasun sozialak areagotzen dituzten politiken sinboloa» dela salatu zuen manifestuak. 90eko hamarkadan, nazioarteko instituzioek eta G7ak «mundializazio neoliberalak merkatuen demokratizazioa, herrien garapena eta desberdintasunen murriztea ekarriko zutela» agindu zutela oroitarazi zuten hizlariek, baina egun, manifestuko sinatzaileen iritziz, «sistema kapitalista krisian dago».

Hiru egunez jorratu zituzten gai nagusien inguruko zenbait gogoeta aurkeztu ostean, mahaigaineratu zituzten alternatibek «demokrazia, elkartasuna eta emakume zein gizonen arteko parekidetasunaren printzipioak inplementatzen» dituztela nabarmendu zuten.

Ez zituzten ahaztu, «Aljeria, Hong Kong, Katalunia, Palestina, Sudan eta beste zenbait lurraldetan gertatzen ari diren mobilizazioak», eta, ezta Amazonian izaten ari diren suteak ere. Horren aurrean, «egoera hauek iraultzeko, aliantzak eta estrategiak gaurdanik eraiki behar dira», azaldu zuten.

Hitzaldia bukatu aitzin, Biarritz, Angelu eta Baiona inguruan gaur izango diren okupazio baketsuetan parte hartzeko deia luzatu zuten, eta txalo artean amaitu zen mobilizazioa.