Andrés OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Emanaldi jendetsuak Bilboko Aste Nagusian

Egunez egun zer eman duen ezinezkoa zaigu agertzea, baina izan diren kalitatezko ekintza batzuei arreta jarriko diegu. Abuztuaren 21ean hasi eta 24an amaitu dira herri-kirol emankizunak. Tartean denetariko ekintzak izan dira eta gehienetan Arriaga plaza jendez ongi horniturik ikusi da. Eguraldiak ere lagundu duela esan behar.

Hilaren 21ean, eguerdian, Bizkaiko Lasto-altxatze Txapelketa jokatu zen eta Beñat Amadek irabazi zuen 22 jasoaldi eginaz. Egun eta toki berean, Ondarroa taldeak zortzi kirol aurkeztu zituen elkarren atzetik, etenik gabe, eta berebiziko lana egin ez bazuten ere, dotore aritu zirela aitortu behar da.

Abuztuaren 22an, Nerea Egurrolak 25 kiloko txingekin 61 plaza, 3/4 eta metro bat eginaz burutu zuen lana. Xanta Sousa lesakarrak 50 kiloko txingekin 6 plaza eta 2 m egin zituen. Emakumezkoen Bizkaiko Harri-jasotze Txapelketa ere jokatu zen eta Karmele Gisasola Zelai mallabitarrak 75 kiloko zilindro zaharrari 21 jasoaldi eman zizkion 3 minutuan, eta 63 kiloko bolari denbora berdinean 22 jasoaldi, orotara 43 jasoaldi.

Abuztuaren 23an, Ousmane Dramek marka ahalegina egin zuen. 100 kiloko txingak esku banatan zituela Mendatako Santxo handiak egin zuen marka ondu nahian. Honek 4 untze eginak zituen eta Ousmanek 3 untze, ¾ eta 0,27 zentimetro eginaz amore eman behar izan zuen. Baina lan bikaina da. Xabier Zalduak eta Aratz Mugerzak bost kiroletan egin zuten lana ere aipagarria da.

Abuztuaren 24an, azken eguna, Lasuen HKT Bermeoko taldearen eskutik, zortzi kirol modalitate: aizkora, harri-jasotzea, txinga-eroatea, ingudea, lasto-altxatzea, zaku-eramatea, lokotx-biltzea eta trontza. Bikain aritu ziren. Proba bizia, entretenigarria eta 800 bat ikusleren gozamena sortuaz.. Beste asko ere izan dira parte hartu dutenak baina laburbilduz hauexek aukeratu ditugu.

Amundarain eta Gisasola

Atzo eguerdian jokatu zen Gatikan hirugarren mailako aizkolarien bigarren kanporaketa eta bertan, Tomin Amundarain nafarra izan zen azkarrena kana-erdiko lau pago enbor ebakitzen. Txomin Amundarainek 9’10’’ behar izan zuen eta bigarren Ioritz Gisasola mallabitarra izan zen (9’19’’).

Ondoren beste hamar aizkolarik parte hartu zuten baina bi aurrenek lortu dute finala jokatzeko txartela. Hirugarren kanporaketa Irurtzunen jokatuko da irailaren 15ean, eta beste hamabi aizkolarik parte hartuko dute.