Josu Tellabide Azkolain
Etnologoa
KOLABORAZIOA

1813, San Martzial eta donostiarrak

Serapio Mugicak “Las calles de San Sebastián” bere liburuan idatzi zuen San Martzial kaleari buruz: «Donostiak 1866ko irailaren 12an erabaki zuen hiriburuko kale bati izen hori jartzea, horrela ohore egiteko Irunen izen hori daraman mendiari. Mendi horretan 1522an eta 1813an frantsesen aurka bi bataila izan zituzten eta baita herrialdeko mikeleteek 1874an handik karlistak bidali ere egin zituzten. Mendi hartan isuri zen odolak mendi hori loriatsua bihurtzen du. Bere gailurrean San Martzialko baseliza eraiki zen, horrela 1522ko bataila oroitzeko ekainaren 30ean».

Mugicaren arabera, gipuzkoarrak, gaztelauak eta espainiarrak dira; frantsesak eta karlistak, berriz, etsaiak. Baina, ez du aipatzen eta ezkutatzen du Nafarroako Erresuma alfonbra azpian.

Historiografiari dagokionez, Mugicak testu hau idatzi zuen garaia eta oraingoa oso desberdinak dira. Analisia egiteko eta historia interpretatzeko pertsonaia haiek gaurkoekin konparatuz, esan behar da, gaurko kasta buruzagiak eta kronistak askoz ere hipokritagoak eta faltsuagoak direla.

1813ko abuztuaren 31n San Martzialeko bataila Solt mariskalaren agindupeko frantsesen eta Castañosen ondorengo Freire jeneralaren agindupean zeuden espainolen artean izan zen eta azken hauek irabazi zuten.

San Martzialko bataila militar espainolen garaipen garrantzitsuenetakoa da. Horregatik, San Martzialko markesgoa titulua eman zioten Freire jeneralari eta bere oinordekoei. Halaber, gaur egun, espainiar Armadan San Marcial dibisioa dago eta horren jatorria bataila hari esker da. Bere helburu nagusia lurralde nazionalaren defentsa da.

Mugicaren liburuaren argitalpena 1916an izan zen eta 1813ko sarraskiaren mendeurreneko testuinguruan izan zen. Mendeurren horretan mezak, ospakizun handiak, omenaldiak, danborradak eta abar egin ziren, baina ez zitzaien aipamenik egin biktimei. Egun ez da biktima hauek gogoratuko dituen monumenturik Donostian.

Egin ziren ospakizun horien artean Alderdi Ederren monumentu erraldoi bat eraiki zuten eta bertan izan ziren Espainiako errege familia, ministroak, Udala, militarrak, diputatuak... Pertsonaia haien pentsamendua ulertzeko Donostiako alkate Marino Tabuyok egin zuen diskurtsoa begiratzea besterik ez dago: «Esker anitz zor dio Donostiako herriak Gorentasunei eta errege familiari... Gure Espainia maite loriatsuari». Estatuko ministroak esaldi honekin amaitu zuen bere diskurtsoa: «Donostiarrok, espainiarrok, gora bihotzak eta gora Espainia». Han zeudenek «gora» oihu egin omen zuten.

Badirudi Maria Cristina erreginari ez zitzaiola gustatu monumentu hura, tramankulu bat baitzirudien, «Qué horror» esan omen zuen. Hurrengo egunetan hiriko agintariak, jada, hasi ziren desegitearekin pentsatzen. Hori urte gutxi barru gertatu zen, hain zuzen, 1919an. Beste monumentu apalago batez ordezkatua izan zen. Monumentu hori Araba parkean dago.

1813 zoritxarreko urte horren oroimenez Udalak (jada, aurrez aipatutako San Martzial kalea izendatu zuen 1866an eta Abuztuaren 31 kalea 1877an) 1913an, mendeurrenean, alegia, Plaza de España izendatu zuen. Mugicak plaza honi buruz dio Udalaren osoko bilkuran izendapen hori «Gure aberri maitatua gogoratzeko, zeinaren historiak hainbeste oroitzapen loriatsu gogorarazten dizkigun». Osoko bilkura berean Frantziako Paseo Berria izendatu zuten, beste arrazoien artean Frantziaren eta Espainiaren arteko anaitasuna ospatzeko. Azkenik Maria Cristina erreginaren monumentuaren inaugurazioarekin batera Mendeurrenaren Plaza jarri zen.

Argi dago kale askotako izenak iraina direla historiarako eta donostiarrentzako.