Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Bizitzak

Kontatzeko asmatu ziren egunkariak sare sozialekin bateragarriak badira ere, klasiko samarra naiz ni. Txio bakarreko istorioa edo hari on bat idazteko abilezia landu behar den jarduera dela jakin eta miresten dudan arren, kezkatzen nau tresna horiekin sentitzen dugun askatasunak ez gaituen itsutu, ito nahi duten egunkari baten beharra ez ikusteraino.

«Okerrera egingo du denak eta bizitzak zeinen garrantzitsuak diren konturatzea izanen da gakoa». Yayo Herrero ekofeministaren hitzak dira azken urteotan bizitzak erdigunean jartzearen alde hainbat mugimendutik egiten ari diren apustu ideologikoaren adibidea. Aipatutako hitzak ideia horrekiko gonbidapena baino gehiago, abisu direla esanen nuke, bizitzekiko, bizitzen esanahiekiko erabateko errespeturik gabeko jarrera hotz eta zinikoaz jarduten den jendarte bati egin beharreko abisua.

Sarri ahazten baitzaigu bizitzak direla kapitalismoaren egunerokotasuna bihurtu den sarraskiak mututu eta lurperatu dituen horiek. Ahazten zaigu bizitzak zirela itsaso zabalean galdu eta itota amaitu duten horiek ere. Ahazten zaigu gu ere hein handi batean bihurtu garelako arimarik gabeko bizitzak eta hargatik behar ditugu bizitzak kontatzen dituzten egunkariak. Orain, arimak akabatzeko asmatutako ezohiko auzitegi bat dela medio, 47 euskal herritarren bizitzak jokoan daudenean.