GARA
DONOSTIA

Zientzia eta zinema uztartzen dituen filma, Belodromoan

Zinemaldiak, Donostia International Physics Centerrek eta Euskadiko Filmategiak «Tximinoen erresuma» filma hautatu dute Belodromoan proiektatzeko. Zientzialariek egingo dute aurkezpena.

Zinemaldia, Donostia International Physics Center (DIPC) eta Euskadiko Filmategia lankidetzan arituko dira zientzia eta zinema uztartzeko lanean. Akordio hori dela eta, Zinemaldiaren baitan Gipuzkoako ikastetxeentzat Belodromoan programatuko den filma “Tximinoen erresuma” izango da. Emanaldiaren aurretik DIPCeko zientzialariek aurkezpena egingo dute pelikularen testuingurua kokatzeko eta ikusleek ekarpen zientifikoak uler ditzaten.

Donostiari zinemak eta gastronomiak eman diote ospea. Hala ere, azken hogei urteetan zientzia-hiri ere bihurtu da. Gaur egun, nazioarteko 4.000 zientzialari baino gehiago daude Donostian lanean; hau da, biztanle bakoitzeko zientzialari gehien dituen hirietako bat da Europan.

Euskadiko Filmategiak eta DIPCek 2018an antolatu zuten lehen aldiz zinemari eta zientziari buruzko ziklo bat elkarrekin. Ikusleek oso ongi hartu zuten “Hor kanpoan: zinema eta zientzia” zikloa, eta beste ziklo bat egingo dute aurtengo lehenengo hiruhilekoan: “Ezezaguna: zinema eta zientzia”. Ziklo horiek helduentzat antolatu dituzte nagusiki, baina oraingoan gaztetxoek osatuko dute publikoa.

Iaz 79 ikastetxetako 13.300 ikasle inguru gerturatu ziren Belodromoko sei saioetara. Aurten, 2019an, goizez egingo dira emanaldiak, irailaren 20an, ostiralean, eta astelehenetik ostiralera (irailaren 23tik 27ra, biak barne).

Pedro Miguel Etxenike, Donostia Physics Centerreko presidentea, honela mintzatu zen atzoko aurkezpenean: «Belaunaldi berriak hein handi batean zientifikoa eta teknologikoa den kultura batean jaio dira. Aplikazio eta modetatik harago, gure ustez, garrantzitsua da zientziaren ekarpenak ezagut ditzaten –nola aldatu duen unibertsoari eta geure buruari buruz dugun ikuspegia eta nola hobetu dituen gure bizi-baldintzak– eta horien inguruan hausnar dezaten».

«Azkenengo urteotan Zinemaldiak hainbat lankidetza bultzatu ditu beste sektore batzuekin. Zientzia-munduarekin hasi dugun elkarlana oso garrantzitsua da guretzat. Zientzia funtsezko sektorea da ikus-entzunezkoaren garapenerako. Gure hirian zientziagintzak duen garrantzia ikusgarria da. Kasu honetan, zientzia eta haurrak gerturatu nahi ditugu, modu errazean eta dibertigarrian», kontatu zuen Donostiako Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek.