2019/09/11

Lan garapeneko epaia betetzera behartu nahi dute Osakidetza

Osakidetzak ez ditu oraindik ordaindu garapen profesionaleko 2011ko deialdiari dagozkion atzerakinak, dagozkien interes eta guzti, horiek zor dizkien 10.000 langileei. ELA sindikatuak epaitegiari eskatu zion atzo epaiaren derrigorrezko betearazpena, epaitegiak Euskal Osasun Zerbitzua behartu dezan zor duena ordaintzera.

Ion SALGADO|GASTEIZ
0911_eko_ela

Osakidetza garapen profesionalari buruzko epaia betetzera behartu dezala eskatu zion atzo ELAk Gasteizko Auzitegiari. Sindikatuak azaldu zuenez, Osakidetzak ez ditu oraindik ordaindu garapen profesionaleko 2011ko deialdiari dagozkion atzerakinak, dagozkien interesekin, horiek zor dizkien 10.000 langileei. «Eta hori, ELAk 2018ko maiatzean irabazitako epai batek horretara behartzen badu ere», argitu zuen, eta zorra 130 milioi eurokoa dela gaineratu.

Epai horrek adierazi zuen Osakidetzako 10.000 langileri soldata osagarri bat kendu zietela nominatik, nahiz eta hori egiteko arrazoirik ez izan, eta ELAk zioenez, «Osakidetzak langileei zor dien soldata itzultzeko batere borondaterik ez zuenez, errekurtso bikoitza aurkeztu zuen». Bat EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean, eta beste bat Auzitegi Gorenaren aurrean. «Aurtengo martxoan Auzitegi Gorenak ez zuen onartu Osakidetzaren errekurtsoa, eta maiatzean, Auzitegi Nagusiak ziurrenera bestea ezetsiko zuelakoan, Osakidetzak ez zuen beste irtenbiderik ikusi errekurtsoa bertan behera uztea baino», gaineratu zuen.

ELAren esanetan, Osakidetzak ez du oraindik zor duena ordaindu, 2011tik zor dituen soldatak, hain zuzen ere. «Igaro den denbora igarota, eta 8 urte itxaroten eta zorra pilatzen egon ostean, 10.000 langilek gaur egun Madrilgo murrizketen aitzakiarekin lapurtutako soldatak itxaroten jarraitzen dute. Egoera honen aurrean, ELAk epaitegiari eskatu dio epaiaren derrigorrezko betearazpena, epaitegiak Osakidetza behartu dezan zor duena ordaintzera», azpimarratu zuen, eta Osakidetzak «duen zorraren zati bat besterik ez duela abonatuko» ohartarazi zuen ELAk, «ez baitizkie abonatuko eraginpeko langileei deialdi ezagatik jaso gabe utzitako diru kopuruak».

Esther Saavedra ELA sindikatuko ordezkariak komunikabideen aurrean azaldu zuenez, Osakidetzak dirua ekainean ordainduko zuela iragarri zuen, eta gero urrian egingo zuela adierazi zuen. «Betetzen ez dituen epeak ematen ditu», kritikatu zuen.

«Soldata eskala bikoitza»

Halaber, sindikatuak Osakidetzak «soldata eskala bikoitza» sortu duela salatu zuen. «Batetik, garapen profesionalera iristea izan dutenak, eta beraz, osagarria kobratu edo kobratuko dutenak; eta bestetik, merezimendu berdinak izan arren, kobratuko ez dutenak edo zegokiena baino gutxiago kobratuko dutenak, Osakidetzak deialdietan parte hartzeko aukera eman ez dielako, ez baitu deialdirik egin 2011. urtetik hona, arauetan eginbehar hori ezarrita bazegoen ere», nabarmendu zuen, eta «diskriminazio onartezina» sortu dela ohartarazi zuen.

Eta bi eskaera egin zituen ELAk. «2011ko deialdian parte hartu zuten langileei eta deialdirik ezaren eraginpeko langileei zor zaizkien diru kopuruak berehala ordaintzeko eskatzen dugu, osagarria kobratzen hasi behar zirenetik sorturiko atzerakinak barne, horrela bakarrik bukatuko baita soldata eskala bikoitza; eta garapen profesionalaren eredu berri bat negoziatzeko eskatzen dugu. Eredu berria irizpide objektiboetan oinarritu behar da, ez du diskriminaziorik sortu behar, oraingoan gertatzen den ez bezala».

Osakidetzaren erantzuna

Osakidetzako Zuzendaritzak ohar bat atera zuen atzo arratsaldean ELAri erantzuteko. Euskal Osasun Zerbitzuak adierazi zuenez, abuztuaren 1ean iragarri zuen ordainketa urrian egingo zuela, eta 2012tik Garapen Profesionaleko osagarriak ordainduko dituela ohartarazi zuen. «Prozesu honen zailtasunek betetze epeak justifikatzen dituzte», argudiatu zuen Osakidetzak, eta ELA sindikatuaren kontra jo zuen.

Osasun zerbitzuaren zuzendaritzaren ustez, atzo iragarritako neurri judizialekin Osakidetzaren izena «zikindu nahi du» ELA sindikatuak.