2019/09/12

Apoyos Metalicos-en Olatzagutiko lantegia itxita, 73 lagun kalera
GARA|OLAZTI

Apoyos Metalicos enpresak Olatzagutiko lantegia itxiko du, «Gamesa bere bazkideak ez duelako deus ere egin eta Nafarroako Gobernuaren zehaztapen faltagatik», ELAk agertu zuenez. Ondorioz, 73 langile geldituko dira kalean eta Sakanako enplegu egoera larria areagotu eginen da.

Enpresa batzorde osoak (ELA, LAB eta UGT) akordio bat lortu du, kalte-ordain hobeekin, eta langileen batzarrak akordioa berretsi du bozketan.

Uztailaren hasieran enpresako zuzendaritzak (%66 Daniel Alonso taldekoa eta gainerako %33a Gamesakoa) Olatzagutiko lantegia ixteko erabakia jakinarazi zion enpresa batzordeari.

Apoyos Metalicos enpresako langileek industria proiektu baten alde egin dute eta horretarako lanuzteak, elkarretaratzeak, manifestazioak... antolatu dituzte. Bi hilabeteotan enpresa batzordea Gamesa –Apoyos Metalicos-en bazkidea– eta Nafarroako Gobernua erakartzen ahalegindu da, industria proiektu bat bultzatzeko eta lanpostuei eusteko.

Baina, tamalez, hortik ez da atera inolako proposamenik, gerora begirako industria proiektu bat ziurtatzeko moduan.