Ion SALGADO
GASTEIZ

EHUk autonomia handiagoa behar duela esan du Balluerkak ikasturte irekieran

Nekane Balluerka EHUko errektoreak unibertsitatearen autonomia aldarrikatu zuen atzo, bai erakunde publikoei bai enpresa pribatuei dagokienez. «Unibertsitateak bere lana egin du, zuzendaritza politiko baten menpe egon gabe. Ezta interes ekonomiko edota talde enpresarialen zerbitzupean ere», adierazi zuen ikasturte hasierako ekitaldian. Autonomia handiagoa izateko lege organiko bat beharrezkoa dela nabarmendu zuen.

Dena den, autonomiak «ez du esan nahi unibertsitateak bolizko dorre batean gordeta egon behar duenik», ohartarazi zuen, erakundeen eta sektore pribatuaren aurrean duen erantzukizuna handitzea baizik. Zentzu horretan, sektore pribatutik baliabideak lortu behar direla azpimarratu zuen, zerbitzuak eskainiz eta kontratuen bitartez, «unibertsitatearen independentzia baldintzatu gabe».

«Beti pentsatu dugu unibertsitatearen finantzaketa ez dela baliabide publikoetan oinarritu behar, eta sektore pribatuarekin dugun harremanak ez dio eragin behar gure autonomiari», gaineratu zuen Balluerka errektoreak, proiektuen eta erakundeen garapenak behar duen portaera «etikoaren» alde apustu eginez. «Baliorik ezean ez dago produktibitaterik», ohartarazi zuen.

«Eraginkortasuna eta jokabide etikoa harmonizatu» behar direla esan zuen eta, adibide gisa, emakumea goi mailako ikerketara heltzeak izan dituen ondorioak aipatu zituen: «Herritarren %50 ikerketatik kanpo uztea, errentagarritasunaren ikuspegitik, izan zitekeena baino ikerketa okerragoa egitea zen. Balioak ez dira oztopo produktibitatearentzat, aliaturik onenak baizik».

Eskaintza akademikoari dagokionez, ikasturte honetan EHUk 97 gradu eskaintzen dituela jakinarazi zuen Balluerkak. Guztira, 34.000 ikaslek egingo dituzte gradu ikasketak, eta horietatik 2.096k lauhileko bat egingo dute munduko unibertsitateren batean. Horretarako, EHUk 1.500 hitzarmen baino gehiago ditu 51 herrialdetako unibertsitateekin.

Sindikatuen elkarretaratzeak

Ekitaldia Letren Fakultatean egin zuten. Barruan bildu ziren agintariak eta kanpoan elkarretaratzeak egin zituzten Ikasle Abertzaleak antolakundeko kideek, garbiketako langileek eta LAB sindikatuko ordezkariek. Horiek EHUn «prekaritatea» mantentzen dela salatu zuten.

LABek ohartarazi zuenez, EAEko unibertsitate publikoaren finantzaketa ez da nahikoa, eta «langile gehienak behin-behinekotasun egoeran» daude. Halaber, lanaldi partzialeko irakasleek 400-800 euro kobratzen dutela salatu zuen sindikatuak, eta langileen eta ikasleen parte-hartzea «oso mugatua» dagoela adierazi zuen. Amaitzeko, elkarretaratzea zela-eta Poliziak EHUko guneak «okupatu» izana kritikatu zuen, «bertako langileak fakultate aurreko eremutik kanporatu eta kontzentratuta zeuden ikasle batzuk identifikatu» zituztela gaineratuz.