2019/09/12

Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria
Heriotza

Heriotza ez da sekula oso aparte ibili 80ko hamarkada hasierako musikariengandik. Droga menpekotasunetik konpromiso politikora doan tartean, istripuak, gaixotasunak... hamaika izan dira garaiz aurretik eroritakoak. Etorkizun eza ala etorkizun gehiegi, lelo erraza baino gehiago gertatu da hainbatentzat, eta esku anonimoek jarritako lore sorta txikiak agertzen dira bide horretako bihurguneetako trafiko seinaleetan.

Esan daiteke gure belaunaldiko soinu banda, sirenaz, erietxez eta presazko amaieraz beteta dagoela. Ez zaigula heriotza, dagoeneko, arrotza gertatzen. Hala da; sekula ez zara inoren faltara ohitzen.

Horregatik, heriotzarekiko esposizio horrek eraginda, izan ezagunak ala ezezagunak, protagonistak ala figuranteak, abangoardiakoak ala azken putzak, dardara moduko bat sumatzen da belaunaldiko memoria kolektiboan musikariren bat joaten denean. Nahiz eta bi urtetik behin etxean jasotzen hasi Osakidetzak kolon eta ondesteko minbizia goiz detektatzeko programaren gutuna.

Seismoa gertatu zen, hala eta guztiz ere, irailaren bostean. Belaunaldiko alerik onenak joaten direnean soilik gertatu ohi den moduan. Hamaika kantu piztu ziren, batera, barru-barruko diskoteka intimoan, eta irribarre garbi batek argitu zuen tarte luze batez ortzia, gero itzaltzeko, isiltzeko, joateko... Agur esateko modu asko daude, baina, unea iritsita, bakarrarekin aski zaigu. Besarkada, lagun.