2019/09/13

Aberri burujabe eta aurreratua zerumugan

Telesforo Monzon pieza bakarreko abertzalea izan zen. Euskal Herria abiapuntu eta helburu, aberriaren alde egunero bizi eta, pixka bat, egunero hiltzen zen. Iragan mendeko abertzaletasunaren mugarri, abertzale belaunaldi ezberdinen zubigilea izan zen. Aberriaren eta euskararen alde batasuna eskatu zuen, elkarlana, eta horren alde jardun zuen, azken hatsa bota arte, jo eta ke, nekagaitz. Bidean, kantuak, olerkiak, antzezlanak, pentsamendua eta ekintza gogoangarriak utzi zituen, beti herriaren alde... eta segi aurrera.

Bere ondasun guztiak ere utzi zituen herriarentzat. Eta tartean, Bergarako Olaso dorrea, Euskal Herriko historiaren pasarte asko mamitu dituen eraikin sendo eta dotorea. Bertan aurkeztu zuten atzo Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintza Laborategia, abertzale handiaren izena eta izana oinarri hartuta aberri burujabe eta aurreratu baten alde ideiak, analisia eta proposamenak hornitzea helburu duena. Ziurgabetasuna ardatz duen garai ero eta dislokatuotan, eguneroko ohikeriaren amaraunean kateatuta erantzun azkarrak etengabe behartzen diren garaiotan, kokotsa altxatu, arnasa luze hartu eta urrutiko gogomira baten jabe egitea ezinbestekoa da aberrigintzan.

Telesforo Monzonek bere hitzekin argi adierazi zuen behar hori: «Gelditu gaitez ixtan bat. Eta inguruetara begira. Nondik gatozen behar dugu gogoan hartu. Nora goazen ere». Jarrera horrekin, ahalegin kolektibo horren zerbitzura, jaio da haren izena daraman laborategia. Elkarlanari irekia, zorroztasunez azterketak egin eta jendarteratuko dituena, belaunaldi berrien ideia eta kezkekiko zubi-lana eginez, Euskal Herriaren zutoinak indartuko dituzten proposamenak sortzeko eta eskaintzeko. Horra asmo handikoa den egitasmoa. Merezi duen ahalegina. Burujabetza helburu, Euskal Herriarentzat behar-beharrezkoa dena. Ongi etorri Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintza Laborategiari, eskuragarria eta oparoa izan dadila uzta, aberria bizi bedi, beti-beti eta beteki.