GARA
DONOSTIA

Iazko akordioek EAEn indarrean dauden lan hitzarmenen kopurua handitu dute

EAEko bost langiletik bik dute indarraldi betean lan hitzarmena, Lan Harremanen Kontseiluak 2019ko lehen seihilekoan batu dituen datuen arabera. Iaz epe berdinean baino %3,4 langile gehiagok, alegia. Dena den, kontseiluak berak nabarmendu du zerikusi handia dutela 2018an eguneratu ziren akordioek; izan ere, urtarrilaren 1ean %34,2 langile zeuden eguneratutako hitzarmen baten babespean, iaz baino %12,1 gehiago.

Era berean, txostenean azpimarratu nahi izan da ia-ia 2014ko datuen pare jarri dela EAE lan hitzarmenen alorrean; izan ere, orduan, indarraldi betean zeuden hitzarmenen eraginpeko langileria orain baino %1,9 handiagoa zen.

Halere, iraungita dutenen zenbatekoak ere gora egin du ia bi puntu portzentualetan urteko alderaketa eginez gero; 2018an erregistratu zen beheranzko joera amaituz. Horren arrazoien artean, Ingeniaritza Enpresen eta Ikerketa Teknikoetarako Bulegoen Hitzarmena urte hasieran iraungi izana aipatu zuen kontseiluak; 16.000 behargin horri lotuta zeudenez, hein handi batean eragina igarri dela EAEn. Bestalde, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eragina duten Estatu espainoleko hitzarmenen iraungitzeak ere zerikusi handia izan duelakoan daude.

Hiru herrialdeetan gora egin du indarraldi betean dauden hitzarmenen kopuruak. Araba da ehunekorik handiena duena baina Bizkaian izan da urte arteko hazkuntza handiena (%7,4).

Greben alorrari erreparatuta, urtarriletik martxora bitartean iaz sasoi berean baino %37,3 geldialdi gehiago izan ziren. Horien eragina, aldiz, nabarmen jaitsi zen: %70,9 behargin gutxiagori eragin eta %16,1 greba egun gutxiago zenbatu ziren.