GARA
OÑATI

Haritz Mujikak irabazi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen saioa

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa abian da jada. Oñatin izan zuen atzokoan lehenengo hitzordua, bertako Santa Ana antzokian hain zuzen, eta Haritz Mujika izan zen final-zortzirenetako lehendabiziko saioko garailea 447 punturekin. Bigarren postuan Maider Arregi sailkatu zen, 436 punturekin: hirugarren Felix Zubia, 428,5 punturekin; laugarren Amaia Iturriotz, 416,5 punturekin; bosgarren Aratz Igartzabal, 403 punturekin, eta, seigarren, Andoni Mujika, 380,5 punturekin.

Aurkezle lanetan Iban Narbaiza aritu zen eta epaimahaia Eneritz Azkuek, Karlos Ibargurenek, Leire Belokik, Mikel Lersundik eta Mikel Urteagak osatu zuten.

Final-zortzirenetako bigarren saioa gaur jokatuko da, Villabona-Amasako Gunea antzokian. 17:00etan, sei bertsolari ariko dira kantuan Eresti Oiarbide Muruak gidatuta: Beñat Iguaran, Oier Etxeberria, Iban Urdangarin, Iñigo Mantzisidor, Odei Lopez eta Maialen Akizu. Epaile lanetan ariko dira, berriz, Eneritz Azkue, Karlos Ibarguren, Leire Beloki, Mikel Lersundi eta Mikel Urteaga.

Atzoko saioan bezalaxe, Villabona-Amasan lehen postua eskuratzen duen bertsolariak ere zuzeneko txartela lortuko du final-laurdenetarako eta, gainerakoek, ohi bezala, puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera. Gaurko saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eus-en eskura daitezke –baita datozen asteetarako saioetakoak ere– eta, aurrez agortzen ez badira, Guneako txarteldegian ere erosi ahalko dira 16.00etatik aurrera.