GARA
IRUN

Inoizko parte hartzerik handiena Irun Hiria Literatura Sarietan

Irun Hiria Kutxa Literatura Sarien XLIII. ediziora 572 lan aurkeztu dira guztira, horietatik 533 gazteleraz (294 eleberri eta 239 olerki-sorta) eta 39 euskaraz (20 eleberri eta 19 olerki-bilduma). Jose Maria Garcia-Viana izan da euskarazko eleberri onenaren saria jaso duena (25.000 euro eta garaikurra), “Pentaedroa” liburuagatik. Euskarazko olerkiaren atalean Aritz Gorrotxategi saritu dute (15.000 euro eta garaikurra), “Amua” lanagatik.

Gaztelerazkoetan Paula Lapidok irabazi du eleberri onenaren saria (25.000 euro eta garaikurra), “Los que alcanzan la orilla” lanagatik. Carlos J. Aldazabalen “Mauritania no es un país con nieve” bildumak, berriz, olerkigintza alorreko saria irabazi du (15.000 eta garaikurra).

Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, inoizko parte hartze handiena izan da edizio honetan. 2017ko edizioarekin alderatuta 124 lan gehiago aurkeztu dira, %27,68 gehiago alegia. Igoera handiena gaztelerazko eleberrien alorrean eman da, 66 lan gehiago aurkeztu baitira, 2017an baino %28 gehiago.

Gorakada parte hartzean

Jatorriari begiratuta, Madrilgo Erkidegotik aurkeztu dira lanik gehien (%19). Jarraian Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ageri dira (%18 hirurak elkarrekin).

Estatu espainoletik kanpoko herrialdeen parte hartzea ere nabarmen igo da, azaldu dutenez. 2017an 15 herrialdetako lanak aurkeztu baziren, aurtengo edizioan 25 herrialdetakoak izan dira. Herrialde horietatik helarazi den lan kopurua, gainera, bikoiztu egin da. Argentina (22), Mexiko (15), Alemania (11), Kuba (8), Italia (4), Txile (4) eta Bretainia Handiko lanak jaso dituztela zehaztu dute antolakuntzatik.