Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Ezlekuak

Itsasoko bruma artean mendixka baten itzala sumatzen duzu hondartzatik. Uharte onirikoa dirudi. Itsasoaren zabala besterik ez zegoen lekuan, lainoaren itzala dager. Zure irudimenaren jolasa izango ote da? Uharte ibiltaria ote, mezudun botila baten antzera munduko itsasoetan barrena bidaiatzen dabilena? Zer gordeko du bere baitan? Jakin-mina neurririk gabeko indarra da. Urrats bat egin duzu ur leunerantz. Eta beste bat. Itsasoan barneratu zara, oinez. Itsas hondoan zabiltza inongoa ez den uharte horren bila. Amets hutsa izango da, ordea? Pauso bakoitza zalantza bat da. Atzera ez duzu egingo, baina. Jakin-nahiaren indar ikusezinak erakartzen zaitu. Ezleku bat da. Badena eta ez dena.

Laino arteko uharteak dira ipuinak, une batez zure aurrean agertzen direnak. Sumatzen duzu istorio liluragarria daramala bere baitan, eta ezin duzu, besterik gabe, lehorretik begiratu. Bila joan behar duzu, gordea duen mezua, istorioa ezagutu. Ezagutu eta itzuli berriro lehorrera, bertan daudenei kontatu ahal izateko jakindakoa, kontatu ezean ez baita. Ipuina ezleku bat da, inon ez dagoena, baina badena. Ez ote da bizitza berdina? Ez ote zaizkigu etengabe laino artean uharteak agertzen? Ez al ditugu bada istorio harrigarriak deskubritzen une oro? Geure burua eta mundua ulertzen lagunduko gaituztenak. Norberarentzat gordez gero, ordea, ez dira izango. Indibidualismoaren jendarte honetan ezlekuak behar ditugu. Ezlekuak galderak dira, elkarrekin erantzun beharrekoak. Ezlekuak kontakizunak dira.