Andoni ARABAOLAZA
TRAILA

Ezusteko gutxi Ttutturren

Maite Etxezarreta eta Iñigo Alzola nagusitu ziren larunbatean Bertikalen Euskal Herriko Txapelketan.

Joan den larunbatean, trail arloko distantzia laburrenean jarduten duten euskal espezialistek hitzordu garrantzitsua izan zuten. Hain zuzen ere, Bertikalen Euskal Herriko Txapelketa jokatu zen.

Nahiz eta nork bere zirkuitua izan, aurreratu dezakegu Hego Euskal Herriko bi mendi federazioetako, Euskal Mendizale Federazioko eta Nafarroakoko, lehiakideek bat egin zutela txapelketa honetan.

Eta zirkuitu labur hori ondo baino hobeto prestatu eta markatu zutenak Intza-Ttutturre Aralarko Kilometro Bertikalaren antolatzaileak izan ziren. Hirugarren ekitaldia izan du, eta hitzorduan 150 lasterkarik parte hartu zuten.

Eguraldia lagun (sargori puntu bat egon zen), espezialistek 3.850 metroko distantzia eta 963 metroko goranzko desnibela dituen ibilbide ederrean jardun zuten. Eta ederra diogu, Aralarko Malloak babesean, Araizko Intza herriko plazatik irten eta Ttutturre mendiaren gailurra izan zutelako.

Irteera puntuan ez zeuden erabat “lehertzen” duen distantzia laburreko espezialista guztiak; alabaina, beste askok ez zuten hutsik egin. Ohi den legez, Ttutturre mendiaren (1.282 m) aldapa tenteenak lasterketaren giltza izan ziren.

Seniorren kategoriari dagokionez, oro har ez zen ezustekorik izan; baten bat, bai, eta gainera ederra. Mutiletan, adibidez, Iban Murua eta Iñigo Alzolaren arteko norgehiagoka estua espero zen. Hein batean, hala izan zen. Eta hori diogu Alzolak ezin izan zuelako den-dena eman; udan zehar eztarriko arazoak izan ditu.

Arrasatearraren egoera hori ondo “aprobetxatu” zuena elgoibartarra izan zen, eta Ttutturreko tontorrean lehena izan zen 35 minutu eta 45 segundoko denborarekin. Lasterketa, berez, irabazi zuen, baina Euskal Herriko Txapelketa ez; izan ere, ez du federatu txartelik.

Alzola bigarrena izan zen, irabazlearengandik 57 segundora; arrasatearrak euskal titulua lortu du. Eta hirugarren sailkatua (bigarrena Euskal Herriko Txapelketan) izan zen arestian aipatu dugun ezusteko polita eman zuena. Protagonista hori Aitor Ugarte da.

Berez, oraindik promesa mailan zein juniorretan lehiatzen da, baina argi utzi du etorkizun hurbilean elitean ere aurrean egongo dela. Ordubete eta 8 segundoko denbora egin zuen. Laugarren postua lasterketan eta hirugarrena hitzordu ofizialean Mikel Beunzarentzat izan zen. Muruak minutu bat eta 34 segundoko aldea atera zion.

Lehia estua emakumezkoetan

Gizonezkoetan ez bezala, emakumezkoen arteko lehia askoz ere estuagoa izan zen. Maite Etxezarreta, Maite Zabaleta eta Ainhoa Lendinezek ikuskizun ederra eman zuten. Horien arteko aldeak oso txikiak izan ziren; 40 segundora ez ziren iritsi.

Azkenean, Ttutturreko helmuga puntuan Etxezarreta izan zen azkarrena. Azpeitiarrak 43:53ko denbora egin zuen. Zabaletak, 31 segundora, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Eta podiumaren hirugarren kutxara Lendinez igo zen; irabazlearengandik 39 segundora heldu zen.

Seniorren kategoria nagusia alde batera utzita, aipatu behar dugu beteranoetan Izaskun Zubizarretak eta Tedy Garzonek txapel bana eraman zutela. Eta gazte mailan, azkenik, bi protagonista nagusi: Irene Iturria eta elitearekin jardun zuen Ugarte.