2019/09/18

Biktimak, presoak eta memoria, askatu gabe dauden korapiloak

Foro Sozial Iraunkorraren ordezkariek oraindik askatu gabe dauden korapiloak askatu behar direla nabarmendu zuten atzo. Hauek dira: biktimen eskubideak bermatzea, egungo salbuespen egoera gainditzea eta memoria bateratzailearen norabidean aurrera egitea.

GARA|DONOSTIA
0918_eh_foro

Teresa Toda eta Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorraren ordezkariek atzo Donostian egindako prentsaurrekoan nabarmendu zutenez, elkarbizitza demokratikoaren norabidean aurrerapausoak emateko, oraindik askatu gabe dauden hiru korapiloak askatu behar dira: «Indarkeria adierazpen desberdinetako biktima guztiei Egia, Justizia eta Erreparaziorako eskubidea bermatzea, biktima batzuen artean egun dagoen diskriminazioa amaituz. Preso, ihesean eta deportazioan dauden pertsonei dagokienez, gaur egungo salbuespen egoera gainditzea, araudi arrunta ezarriz. Eta memoria kritikoa eta bateratzailearen norabidean aurrera egitea, dauden kontakizun guztiak onartuz eta alderdi politikoen artean egun darabilten ‘errelatoaren guda’ amaigabea gaindituz».

Pasa den urte politikoan Foro Sozial Iraunkorraren lehentasuna biktima desberdinekin espazio publiko eta pribatuak sortzea izan zela gogorarazi zuten. Zentzu horretan, ETAren eta Estatuaren biktimen arteko zenbait topagune antolatu zituzten. «Lan dinamika honen emaitza oso positiboa izan da». Hasi berri den kurtsoari dagokionez, lau helburu markatu dituztela gaineratu zuten: «Biktima desberdinen arteko elkarlanean sakontzea, topagune berriak sortuz; memoria kritikoa eta bateratzailea eraikitze bidean ekarpenak egitea; elkarbizitza demokratikoari buruzko sakoneko ekarpena egitea; eta preso, ihesean eta deportazioan dauden pertsonen gizarteratzeari buruzko eztabaidan sakontzea. Zehazki, presoek kartzela barruan egin behar duten ibilbidea definitu behar da, lehenengo gradutik bigarrenera pasatzea ahalbidetzeko eta, batez ere, bigarren gradutik hirugarrenera».

Alde horretatik, kezka azaldu zuten, Espainiako Gobernuaren osaketaren atzerapena dela-eta «2018an abiaturiko espetxe politikaren aldaketan uztailetik egon den geldialdiagatik». Gaineratu zutenez, «nahiz eta pauso txikiak izan, proposatzen ari garen norabidean zihoazen aldaketa hauek». Memoria kritiko eta bateratzailearen eraikuntzari dagokionez ezin direla «hain positiboak izan» aitortu zuten. «Ez gara inozoak eta jakin badakigu memoriaren auziak konponbidean aurrera egitea baldintzatzen duela, abuztuan ikusi dugun bezala. Galdera da: Nola ateratzen dugu gai hau egun dagoen noriatik, konponbidearen agendan sartzeko? Zaila suertatzen ari da, baina guk ez dugu etsiko».