Andres OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Dena prest Azpeitian Pentatloiaren finalerako

Larunbat gauean jokatuko da eta goi mailako sei kirolarik hartuko dute parte. Lehia estua espero da.

Datorren larunbatean jokatuko da Euskal Herriko Pentatloi txapelketa. Atzo izan zen komunikabideen aurreko aurkezpena Azpeitiko zezen plazan, eta bertan entzundakoaren arabera, norgehiagoka oso estua izango da, aurreneko sailkatuen artean batez ere. Jendearen erantzuna ere handia izatea espero da. Finalerdian 1.500 ikusle bildu ziren; eta larunbatean, 22.00etan hasita, langa hori gainditu nahi dute. ETB tarteko, jarraitzaile askok tabernan kafea hartuz, sozietatean edo etxean eroso ikusi ahal izango dute finala, baina jendea plazatan behar da.

Sei kirolarik hartuko dute parte: Xabier Zaldua (Zumarraga) iazko txapelduna, Joseba Otaegi (Zizurkil), Xabier Orbegozo Arria V.a (Errezil), Luis Txapartegi (Zestoa), Aratz Mugertza (Mutriku) eta Joxemari Olaskoaga Aizperro (Orio).

Aipatu ditugun lehiakide hauek izango duten lana honako hau da: 100 kiloko harri borobila 25 aldiz leporatu; giza proban 400 kiloko harria arrastaka erabiliko dute bi plaza osatu arte; aizkoran hiru kana-erdiko ebaki; txinga-eroatea, 50 kilokoak esku banatan dituztela sei plaza burutu arte; eta zezen plazan 30 itzuli emanez hiru kilometro korrika osatu.

Finalerdiko lanaren bikoitza baino gehiago esan nahi du horrek. 35 minutuan egiten duenak txapela hurbil izango du.