I.S.
GASTEIZ

Larunbatean irekiko dute Sorginenea, Gasteizko Emakumeen Etxea

Sorginenea, Gasteizko Emakumeen Etxea, irekiko dute datorren larunbatean Alde Zaharrean dagoen Etxanobe jauregian. Irekiera jaialdia egingo dute, 11.00etatik 23.00etara.

Gasteizko Emakumeen Etxea elkarteko kideek atzo azaldu zutenez, «etxea emakumeen jabetzerako gunea izango da, modu parte-hartzailean jendartea eraldatzeko eta guztiok bizitza jasangarriak eta bidezkoak izan ditzagun».

«Sorginenea proiektu feminista da, emakumeek zuzendua, eta emakumeentzako. Etxeak topagunea izan nahi du, elkar aintzat hartzeko leku bat, hortik abiatuta toki partekatuak identifikatu eta sortu ahal izan ditzagun. Kulturartekotasun kritiko feminista eraiki nahi dugu, jakintzen trukearen bidez, aniztasunaren aberastasuna aintzat hartuz, eta emakume guztien partaidetza sustatzearen bitartez, beraiek beren errealitatea aldatzeko gaitasuna duten subjektu diren aldetik», azaldu zuten arduradunek, eta etxea emakume guztiontzat toki segurua, inklusiboa eta irekia izango dela gaineratu zuten.

Etxea elkarteak eta Gasteizko Udalak, Berdintasun Zerbitzuaren bitartez, kudeatuko dute, «egitasmoa elkarrekin eta modu horizontalean eraikitzeko konpromisoa hartuta». Ohartarazi zutenez, edozein emakume izan daiteke proiektuaren bazkide, eta elkartearen barne funtzionamendua ere horizontala izango da.