GARA
DONOSTIA

Tabakalerako zinema eskaintza urriaren 2an hasiko da, Bellon, Schanelec eta Fassbinderrekin

Tabakalerak, Euskadiko Filmategiak, Donostia Kulturak, Elias Querejeta Zine Eskolak eta Zinemaldiak elkarlanean osatu dute egitaraua. Aurten, lehen aldiz, bonu bereziak jarriko dituzte salgai.

Yannick Bellon, Angela Schanelec eta Rainer Werner Fassbinder izango dira Tabakalerako zinema programazioko protagonistak. Atzo eman zituzten Donostiako gunean eskainiko duten programaren gaineko xehetasunak.

Euskadiko Filmategia, Donostia Kultura, Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia eta Tabakalerako zinema taldearen artean aukeratu dituzte datozen hilabeteetan ikusi ahal izango diren filmak. «Tabakalerak daukan indarraren eta ahalmenaren adibide garbia da programa hau, zinearen iragana, oraina eta etorkizuna bateratzen dituen programa bat, eta ikusleari harridura sortuko diona», esan zuen Tabakalerako zuzendari nagusi Edurne Ormazabalek.

Urriaren 2an abiatuko da Tabakalerako zinema programazio egonkorra, asteazkenetik ostiralera eskainiko diren proiekzioekin. Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezen hitzetan, «zinemagintza zuzen eta ezohikoaren hiru adibide izango dira aurten. Bellon, Schanelec eta Fassbinder zinegile ezagunak eta sarituak dira, eta ikuslea harrituko dutela uste dugu».

Urritik abendura arte Bellon eta Schanelec-ek hartuko dute Tabakalerako pantaila. Tarte horretan, lehenengo, Biarritzen sortutako zinemagile feminista bat ezagutzeko aukera izango dugu, gizarte gaien inguruan kezka eta ardura handia duena.

Angela Schanelec-i dagokionez, aski ezaguna bilakatu den zuzendaria da, nazioarteko zinema-jaialdietan harrera bikaina izaten ari dena. Horren adibide garbia da Berlinalen jaso zuen Zilarrezko Hartza.

Fassbinder izango da urritik ekainera arteko atzerabegirakoaren protagonista. 35 film luze, bi film labur eta telebistarako zuzendu zituen bi telesail proiektatuko dituzte.

Josemi Beltran Donostia Kulturako Zinema Unitatearen arduradunak aipatu zuenaren arabera, «Nosferatuk eskainiko duen zikloa Estatuan egin den osoena da. Aukera paregabea da zuzendari ezeroso hau sakon ezagutzeko. Bere obra gaurkotasun handikoa dela uste dugu». Atzerabegirakoa sendotzeko, “Fassbinder +” programa antolatu dute, zuzendari alemanarekin modu batean edo bestean lotutako beste 17 filmekin.

Aurten, lehen aldiz, zine bonu berritu bat eskainiko dute. Tabakalerako pantailan 2019-2020 ikasturtean eskainiko den programazio osoa ikusteko aukera emango du honek: 70 euro balioko du eta 30 lan ikusi ahal izango dira. 100 bonu jarriko dituzte salgai, eta erosi ahal izateko Tabakalera txartela (doakoa) izatea ezinbestekoa izango da.