A.A.
Arrauna

Datorren urteko proiektuak forma hartzen hasi dira

Estropada denboraldia amaitu berria den arren, elkarte gehienak hasi dira jadanik datorren urteko proiektuei forma ematen. Talde askotan ez da aldaketa handirik espero, baina azken egunotan beste zenbaiten apustu ezagutu ditugu.

Esaterako, asteartean jakin genuen Joseba Fernandez sanjuandarra Pedreñako entrenatzailea izango dela datorren denboraldian. Bermeon hiru urte egin ostean –nahiz eta aurten ezin izan duen denboraldia amaitu–, Fernandez Kantabriako elkartera itzuliko da, lehendik ere ongi ezagutzen duen taldera: punta-puntan ibili ziren aurreko hamarkadaren erdialdean bere esanetara eta 2005. urtean Kontxako Bandera irabaztear ere izan ziren.

Era berean, orain dela bizpahiru aste jakin genuen Fernandezek Urdaibain utzitako hutsunea Jon Elortegik beteko duela. Barrikakoa Deustun aritu da azken hiru urteotan eta igoera kanporaketan sartu dira aurten. Aurretik, Castron eta Bermeon dena irabazi zuen goi mailako arraunlari moduan.

Elortegiren ordezkoa ere jakinarazi du Deustuk: Alex Esteban kantabriarra. Azken hiru denboraldietan Orion arraun egin ostean, Kontxa bat eta Liga bat irabaziz, eta Astillero edo Castro onenetan aritzeak ematen duen esperientziarekin, Estebanek entrenatzaile postura egingo du salto “Tomatera” ontziarekin.

Deigarria da KAE Ligan batuko diren entrenatzaileen maila; izan ere, Gorka Etxeberria oriotarrak Plentziara egingo du jauzi Arkote entrenatzeko. Orion urte askoan arraun egina, zenbait urtetan Getarian ibili zen Etxeberria, eta iazko atsedenaren ostean, Bizkaira joatea erabaki du oraingoan.

Azkenik, Gonzalo Carrion Hondarribiko arraunlari beteranoak, prestutasunez aurrekalari ibilia azken urteotan, arrauna uztea erabaki du.