Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Gehiegi izan dira

Akaso, jazo zitekeen onena jazo da, inoiz jazo behar ez zenaren ostekorik onena izanda ere. Herrira itzuliko dira gehienak, sekula herritik eraman behar ez zituzten horietatik guztietatik gehienak. Etxera itzuliko dira; gurera, inoiz gertatu behar ez ziren jazoerez jositako historia duen gure herrira. Memoria eta ardura maila berean beharko lituzkeen herria.

Urteak eman dituzte gureak herritik kanpora eramaten; hara, arimak akabatzeko asmatutako sasijustiziaren eraikin hotz horretara, lekutan diren ziega hezeetara, isolamendura kondenatutako bizitzak akabatzeko eraikitako ziegetara. Urtetan, ehunka bizitzari lapurtu zaie arimari eutsi ahal izateko eskubidea, torturak ahalbidetzeko eta zuritzeko jaiotako auzitegi konplize horretan.

Sekula itzuliko ez diren bizitza gehiegiren galera izan duen herrikoak gara. Prezio handiegia ordaindu duen historia duen herrikoak. Bizitza gehiegi galdu ditugun jazoerek utzitako zauriak sendatzen saiatzen ari diren arima minduen herrikoak. Aurrera egiteko atzera begiratuz, elkarbizitzarako apustua irabazteko duten arimen herrikoak. Ehunka dira gurean galdu direnak, bizitza eta arima gehiegi galdu dituen herrian jazoerak errepika ez daitezen jardutea da jokabide arduratsuena eta herri honi zor diogun erantzukizun adierazgarri handiena. Bizitza delako handiena, baita Altsasun ere.