Haritz LARRAÑAGA
BIARRITZ

Hastear da 8. Mintzalasai jaialdia Biarritz, Angelu eta Baionan

Angelu, Biarritz eta Baionan euskararen erabilera sustatzeko Mintzalasai Festibala irailaren 23an abiatuko da. Aurten zazpi egun iraungo du, 30 elkartek parte hartuko dute, 45 ekitaldi egingo dituzte, eta 90 laguntzaile ariko dira lanean. BAB hirigunean euskararen erabilera %1,6koa izan arren, antolatzaileek nabarmentzen dutenez, «uste baino gehiago gara». Goiburu horrekin ekingo diote, «indibidualki hizkuntza ohiturak aldatzeko erronka kolektiboari».

Helburuak hastapeneko bera izaten jarraitzen du, «euskararen erabilera sustatzea eta euskara Biarritz-Angelu-Baiona (BAB) eremuan presenteago izateko ekimenak proposatzea», azaldu zuen Viviane Ithursarrik. Irailaren 23tik 29ra arterako egitarau oparoa antolatu dute aurten, «urte osoko eskaintzaren erakusleiho» moduan.

Orain dela zortzi urte Biarritzen egiten hasi ziren ekimen hau Angelun eta Baionan ere egiten da duela hiru urtetik, Ithursarriren esanetan, «Ipar Euskal Herriko biztanleen %40 eremu horretan bizi baitira, eta, beraz, euskara hor salbatzen badugu, gainerakoan errazagoa izango da».

Aurten lehen aldiz, Ipar Euskal Herriko instituzio guztien babesa jaso du egitasmoak (Biarritz, Angelu eta Baionako herriko etxeak, Euskal Elkargoa eta Euskal Erakunde Publikoa). Antolatzaileek, baina, elkarteek urtean zehar egiten duten lana azpimarratu zuten eta iaztik egin diren ekimenak ekarri zituzten gogora, hala nola, festak antolatzen dituzten elkarteentzako fitxa pedagogikoak, webgune berritua eta gutxieneko esaldiak osatzeko «bestetako Kit-a».

«Uste baino gehiago girelako» dio lelo nagusiak, baina ez da soilik euskaldunentzako ekimena, euskaraz ikasi nahi dutenentzat ere bada. Eta igandean, belarriprest, ahobizi, gazte zein heldu, guztiek bat egingo dute Biarritzeko Marion aintziraren inguruan egingo den bestan. Antolatzaileen hitzetan, «diagnostikotik tratamendura pasatzeko tenorea baita».