Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren kamuflajeak

Kantuek, doinuek eta musikek beti dute zeregin bat. Ez dago zereginik gabeko kanturik, politikarik gabeko apolitikorik ez dagoen bezala, edo apolitikoa den politikaririk edo gizakirik. Neutro izaera babesten duenak seguruenez jasoko zuen agintearen agindu kamuflatua dena dagoen bezala gelditzeko. Aginteak ostu egingo digu gu konturatu gabe ideiak eta pentsamenduak edukitzeko indarra. Donostiako Egia auzoko kontzertu eta txosnagunean Malcolm X ekintzailearen esaldi ospetsuak gogorarazten zigun botereak tresnak dituela (komunikabideak) zapaltzailea maitatzeko. Ekintza kamuflatuta saltzen digute, egiazko arrazoiak estalpean gordeta. Botereak ez du behar pentsamendu anomikoaren autobideak proposatzea, askotan nahi gabe hartzen baitugu, baina bidezidor malkartsu eta harri koskorrekotik joatea eraginkorragoa da neutraltasunak astintzeko. Sistemaren estrategiak esaldi honetan du funtsa: «Nik bestea izan nahi dut, besteak ni izan nahi du, nik besteak duena nahi dut, hark nik dudana». Ezinegonaren trauma barneratzen digute horrela. Askatasunaren kamuflajea da boterearen zeregina. Askatzaileak ez diren musikak kamuflatu, askatzaile itxura emanda. Askotariko bortxaketaren kultura ageri da patriarkalak diren letretan. Kamuflajearen profesional asko daude letra zapaltzaileekin, genero eta giza ataletan. Beste batzuetan, ordea, kamuflajea erabili da sistemaren zapalketa ekiditeko. Adibidea: Aberri Txarrak “Ertzainis democracy” diskoan.