Asier AIESTARAN
Eskubaloia

Talde lanari esker irabazi du Bidasoak Benidormen

Hamar jokalarik sartu zuten gutxienez golen bat, justu aurkariek egin zutenaren kontrakoa.

Bidasoak Asobal Ligako bigarren garaipena lortu zuen Benidormen (18-22). Talde lanari esker lortutako emaitza izan zen: Bidasoan hamar jokalarik sartu zuten golen bat, eta etxeko taldean lau jokalarik bakarrik asmatu zuten ate aurrean.

Lehen zatiaren hasieran asko kosta zitzaien bi taldeei golak sartzea. Bidasoa ez zen gaizki hasi erasoan, baina baloi erraz batzuk galdu zituen eta, batez ere, Tercariol atezainak eragotzi zituen gipuzkoarren gol asko.

Tesorierek berak atezainik gabeko jokaldi batean baloia kanpora bidali zuen, adibidez, eta Benidormek ederki baliatu zituen opariak 5-3 aurreratzeko. Jacobo Cuetarari ez zitzaion asko gustatu ikusi zuena, eta partida gelditzea erabaki zuen.

Ongi etorri zitzaien geldialdia euskaldunei, une horretatik aurrera sekulako erakustaldia eman zutelako, bai erasoan eta bai defentsan. Erasoan Kauldi Odriozolaren bi gol ikusgarrik eman zioten hasiera Bidasoaren susperraldiari, Mikel Zabalak eman zion jarraipena bi kontraeraso bikain amaituz, eta Iker Serrano ere gehitu zen festara, sei metrotan lan ederra eginez.

Defentsan ere nabarmentzekoa izan zen Seri, Renaud eta konpainiaren lana, Benidorm zortzi goletan uzteko, eta baita Rangelena ere atepean. Atsedenaldian 8-13koa zen emaitza, eta Bidasoak dena alde zuen bi puntuak bereganatzeko.

Bigarren zatia ere ez zen oso ongi hasi irundarrentzat. Benidormek Rodriguez atezain gaztea atera zuen eta hiru gol sartuta 11-13 hurbildu zen –okerragoa izan zitekeen Rangelen geldiketengatik izan ez balitz–. Jacobo Cuetarak, oso haserre, beste hutsarte bat eskatu behar izan zuen.

Bederatzi minutu egon zen Bidasoa golik sartu gabe, eta azkenean Rodrigo Salinas izan zen 11-14koa egin zuena, txiletarraren aurreneko gola partidan. Lehia hartu-eman bizia bilakatu zen hortik aurrera, eta horrek on egin zien bisitariei.

Alvaro Cabanasen golei esker (11 guztira, bere taldeak lortutakoen bi heren ia), Benidorm 14-16 hurbildu zen lehenik, eta baita 17-18 ere gero Pabanen gol baten ostean. Une zailak izan ziren Bidasoarentzat, baina orduan Jon Azkue eta Leo Renaud azaldu ziren berriz ere taldeari arnasa emateko.

Zorionez Bidasoarentzat, azken minutuetan ez zen aldaketarik izan eta beste bi puntu gehitu zituen. Indarra hartzeko modu onena larunbatean berriz Txapeldunen Ligari heltzeko, Artalekun Cocks talde finlandiarraren aurka, 16.00etan hasita.