Gotzon ARANBURU
«HERRI TXIKI ADIMENTSUAK» JARDUNALDIA

ADIMENA ETA ELKAR LAGUNTZA, LANDA HERRI TXIKIEK BIZIRIK EUSTEKO TRESNAK

HERRI TXIKI ADIMENTSUAK» JARRI DIOTE IZENA EGITASMOARI, EZIN EGOKIAGO, ADIMENA ERRUZ BEHARKO BAITUTE HERRIOK BIZIRIK EUSTEKO. ESPERANTZARIK BADAGO, ORDEA, BURU ARGI ASKO ARI BAITA DIAGNOSTIKOAK EGIN ETA IRTENBIDEAK PROPOSATZEN, EUSKO IKASKUNTZAK IDIAZABALEN ATZO ANTOLATUTAKO JARDUNALDIAN IKUSI ZENEZ.

Adituak, enpresak, garapen agentziak, instituzioak… denak zeuden ordezkatuta Idiazabalen. Bakoitzak bere tamaina eta baliabideak ditu, baina denak bat datoz diagnostiko orokorrean: bai mundu mailan eta bai Euskal Herrian, biztanleria landa eremua utzi eta hiriguneetara joaten ari da lan egitera eta bizitzera. Horrekin batera, baliabide ekonomikoak polo konkretu batzuetan kontzentratzen dira, hain zuzen, hiriburu horietan eta horien ingurunean. Bi prozesuok, batera, hirigunearen eta landa eremuaren arteko desoreka sortzen ari dira.

Gaindegiako Julen Landak datuak jarri zituen mahai gainean. Landa eremuko herria zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta handiagoa biztanle galera. 2.500 bizilagun ingurukoek hazkunde txiki bat ere izan dute, 1.000koek ez dute inongo hazkunderik, eta 1.000tik beherakoek galera nabarmena jasan dute, Gaindegiak egindako ikerketaren arabera. Gipuzkoan bereziki kaltetuak izan dira Beizama edo Leintz-Gatzaga, esate baterako. Eta zenbat eta biztanle gutxiago, eta zenbat eta bakartuago, orduan eta zailago oinarrizko zerbitzuak jasotzea. Eta egoera oraindik ere zailago bihurtzeko, herri horietan geratzen diren biztanleak gizon-emakume zaharrenak dira, hain justu ere oinarrizko zerbitzu horiek gehien behar dituztenak.

Egitasmoak, han-hemenka

Ez da hemen bukatzen arazoen arrosarioa. Formakuntza mailan ere nahikoa atzera geratuta daude herri txikietako bizilagunak, oro har, eta bertakoen errentak oso lotuta daude inguruko industriari. Ondorioz, maskulinizazio nabarmena gertatzen da, eta gizonen eta emakumeen arteko errentan arrakala nabarmena detektatu du Gaindegiak. Gainera, industriarekiko dependentzia horrek –langabezia tasa txikia izatea dakarrenak, bide batez– aktibitate endogenoak sortzea zaildu egiten du.

Ez daude, ordea, landa eremuko herri txikiak men egiteko. Egitasmoak han eta hemen ari dira sortzen, eta horietako mordoa aurkeztu zuten Idiazabalen. Itziar Lurik “Arras Baztan” sor-markaren berri eman zuen; Elixabet Lopez de Munianek Idiazabal eta European Cheese Route gaia azaldu; Zeraingo Aitzol Telleriak zurezko “Axalko” bizikletak nola egiten dituzten erakutsi; Idurre Lukasek eta Ekaitz Zubeltzuk “Txindokiko itzala”-ren berri eman zuten, turismo iraunkorra eta garapen lokala lotuz… Denek ere helburu bera dute, aktibitate endogenoak sortzea edo indartzea.

Parte-hartzea, elkarlana, auzolana. Etengabe entzun genituen terminoak dira. Baina, beharbada, Agintzari kooperatibako Unai Zabalak erabili zituen gehien, herri txikietako biztanleen bizi baldintzak zorrotz aztertuta. «Ez da nik esana, Arartekoak baizik, EAEko biztanle guztiek ez dituztela gizarte zerbitzu berdinak jasotzen. Nolabait, landa eremuko biztanle batzuk bigarren mailakotzat har daitezke arlo honetan». Adinean gora joateak, isolamenduak, irisgarritasun arazoek… horiek guztiek bakardade arazoak, esate baterako, nabarmen haztea ekarri dute. Zerainen, adibidez, biztanleen hirutik batek 65 urtetik gora ditu.

Agintzarikoak geolokalizazioarekin hasi dira lanean. Izan ere, jakin beharra dago gure herriotako bakoitzeko 65 urtetik gorako nor non bizi den, zer egoeratan, zer familia daukan, etxetik irteten den, osasunez nola dagoen, autobusa eskura duen, telefonoa… Mapa hori osatu beharra dago, laguntza ahalik eta eragingarriena bideratzeko. Agente komunitarioak prestatu beharra azpimarratu zuen Zabalak, komunitate-tribua osatu beharra; bideak konpontzeko edo ura ekartzeko auzolana egiten den bezalaxe, elkar zaintzeko ere egitea. Ez da inoren bizitzan muturra sartzea, baizik eta hitz egiteko norbait izatea, herriko berriak konpartitzea, gaixotasunen zantzuak detektatuz gero horren berri ematea…