Amalur ARTOLA
ALTZUZA
Elkarrizketa
ELENA MARTIN
JORGE OTEIZA MUSEOKO KONTSERBATZAILEA

«Arte erlijiosoaren zaharberritzearen gakoetako bat da Arantzazu»

Pasioz mintzatzen da Jorge Oteizaz. Orioko artisauarekin zerikusia duen orok du aparteko balioa Elena Martinentzat eta, horregatik, ez zuen zalantza egin Madril utzi eta Altzuzara, nora eta Oteizaren etxea izan zenera, lan egitera joateko aukera sortu zitzaionean. Kontserbatzailea da Oteiza Museoan, eta urteurrenaren koordinazio lanetan aritu da.

Oteizak estatuariarako zuen ideiak aldaera ugari izan zituen. Zein da oinarrizko ideia?

1951ko irailean Arantzazuko estatuaria egingo zuela erabaki zenean, Oteiza abstrakzio eta geometriara gerturatzen zen prozesu artistiko batean zen jada. Estatuarian kontzeptu ezberdinak batu nahi izan zituen: estetikoa, hau da, erlijiosoa, bera errepresentatzen ari den horrek agertu egin behar du, eta sinbolikoa, alegia, bere imajinarioko elementuak txertatuko ditu basilikan. Apostoluen kasuan, euskal hazpegiak eman nahi dizkie, herria identifikatua senti dadin.

Zerk ekarri zuen debekua? Zer zen horren aztoragarria Elizako ordezkarientzat?

1953an Donostiako gotzainak obrak bisitatu zituenerako Oteizak zirriborro ugari zituen eginak, bai frisoarenak bai Ama Birjinarenak, berarentzat oso proiektu inportantea zelako bai sozialki bai lekuak, Arantzazuk, duen esanahiagatik. 53-54an hasi zen Markinatik ekarritako harriak zizelkatzen. Gotzainari ez zitzaion ikusi zuena gustatu, tripak atera izan balizkiete bezala, hustuta zeuden apostoluek ondoeza sortu zuen, eta Oteizari zein une horretan pintura lanak egiten ari ziren Nestor Basterretxeari eta Carlos Pascual de Larari txosten bana eskatu zieten, kontzeptualki zein estetikoki, Arantzazun egin nahi zutena azal zezatela eskatuz.

Arte sakratuko batzordea sortu zuten Donostian txosten horiek ikertzeko, eta ez zekitenez zer erabaki hartu, Erromara, arte sakratuko pontifize-batzordera jo zuten, zeinak 1955ean ebatzi zuen obra hauek arte sakratutzat hartzen zenaren aurka zeudela. Basilika 1955ean inauguratu zen, fatxada hutsa zuela, Ama Birjinarekin baina pintura mural eta apostolurik gabe. Azken hauek errepide bazterrean eman zituzten ia hamabost urte.

Une gogorra izan zen, artistentzat zein frantziskotarrentzat. Nola hartu zuten erabakia?

Oso gogorra izan zen denentzat. Debekua iritsi baino apur bat lehenago Oteiza jada ohartu zen proiektuak ez zuela aurrera egingo, eta ordukoa da bere lehen poesia liburua, “Androcanto y sigo”. ‘Errepide bazterrean dauden nire apostoluengatik’, idatzi zuen, hauei kantu bat baita bilduma hori, abaildua geratu baitzen obrak aurrera ez zutela egingo jakin zuenean.

Obra geldirik egon zen urteetan Oteizak bere prozesu eskultorikoarekin jarraitu zuen. Zer eragin izan zuen horrek Arantzazuko proiektuan?

Garapen handia izan zuen arkitektura zein eskultura alorretan. Oteizak artean esperimentazioa ezinbestekoa zela esaten zuen, eta garrantzizkoa bidean ikasten den hori dela: berarentzat garrantzizkoena ez da emaitza jakin batera iristea, baizik eta irakaspen prozesu sakon baten ostean etortzea emaitza, eta hori arkitekturan zein eskulturan, bietan egin zuten, proiektua asko aldatu zelako. Geldirik egon zen urte horiek halako arnasa berri bat eman zioten Arantzazuri eta horregatik da gaur egun dena, obra atenporal bat, ez genukeelako jakingo zehazten zein garaitakoa den, batetik arkitektura oso gogorra, harrizkoa duelako, trokartez jositako paisaia ikusgarrian ederki txertatzen dena; baina, bestalde, kanpaia bi dorreetako batean jartzeak simetria hori hautsi egiten du. Eta, zer esan, diamante puntako harriez... sinbolikoki Ama Birjinaren izena dakarkigute gogora, Ama Birjina azaldu zeneko arantza horiek.

Arkitekturaren elkartze moduko bat gertatzen da, non hasierako arkuak eta egiturazkoak ez ziren bestelako elementuak desagertu egiten diren eta fatxadan ere hasieran zeuden erliebeak, estilo erromaniko edo gotikoa gogorarazten zutenak, ezabatu egin zituen. Hori da zalantzarik gabe Arantzazuren azken emaitzaren gakoetako bat.

Zer du berezi hutsune horrek?

Frisoaren eta Ama Birjinaren irudiaren artean geratzen den irudikapen hutsune horrek nolabait zeure buruaren aurrean jartzera derrigortzen zaitu. Basilikara iristen zarenean, Oteizaren arabera ‘heriotzari egin behar diozu aurre’, hor dagoelako ama hori, semea oinetan duela. Baina zeure buruan basilikaren barneko irudia duzu, abside hori, non badakizun argia duzula zain, eta haren pean Ama Birjina haurra besoetan duela, esperantza. Bien arteko transposizio hori ikaragarri polita da. Nolabait, arte erlijiosoaren berriztatze ideia bat bada hor. Egia esan, 1950ean proiektu arkitektoniko hau hautatu izana harrigarria da benetan.

Oteiza bakarrik ez, artista talde ikusgarria aritu zen Arantzazun lanean.

Ateak Eduardo Chillidarenak dira eta absidea azkenean Lucio Muñozek egin zuen, Carlos Pascual Lara 1958an zendu baitzen. Lucioren lana zoragarria da, ia abstraktua, kanpoko paisaiara eramaten zaituen argi nagusi horrekin... nolabait, Ama Birjinaren agerpenerako espazio natural bat sortu balu bezala da, ikusgarria. Kriptako pinturak Nestor Basterretxearenak dira eta beirateak Xabier Alvarez de Eulaterenak, eguzkiaren arabera aldatzen direnak, hotzagoak hala beroagoak, eta absiderako sarbide hori egiten digutenak. Eta Xabier Egaña beranduago batu zen, Ama Birjinaren gelatxoko pinturak egiteko. Nire ustez, Saenz de Olzak eta Luis Laorgak artista hauekin guztiekin egin zuten lanaren emaitza da Arantzazu gaur-gaurkoz arte erlijiosoaren zaharberritzearen gako nagusienetakoa izatea.