Maite UBIRIA
BAIONA

Zuhaitz bat landatuz hasi dute klimaren aldeko astea Baionan

Fridays For Future dinamikaren baitan ehunka lagun bildu ziren Baionan klimaren aldeko martxan. Zuhaitz bat landatu zuten eta astean zehar eginen dituzten mobilizazioen berri eman zuten, hurrengo ostiralerako iragarri den mundu mailako grebaren atarian. Klima larrialdiaren aurrean erabakiak hartzeko unea dela aldarrikatu dute.

Irailaren 27ko mundu mailako greba deialdiari begira, ekimen anitz eginen dituzte Euskal Herrian, klima larrialdiaren aurrean erabakiak hartzeko unea dela aldarrikatzeko. Atzo hasi ziren mobilizazioen egitarauarekin Baionan. Ehunka lagun abiatu ziren Cassin lizeotik atzo goizeko 8.30 aldera eta hiriko kale nagusietatik igaro ondoren Roland Barthes zabalgunean amaitu zuten martxa.

Beste hainbat ikastetxetako gazteak bilduz Lapurdi hiriburuko karrika nagusiak zeharkatu zituen mobilizazioak, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiaren ataritik ere igaroz.

Hain zuzen, Roland Barthes zabalgunean zuhaitz bat landatu eta «klima baino beroago gaude gu» oihuen artean amaitu zen, beste behin ere «klima baino gehiago, eredua aldatu» behar dela agerian utzi duen protesta.

Itsasoaren kutsadura, plastikoaren erabilera edota gehiegizko kontsumoa salatzen zituzten kartelak erakutsi zituzten gazteek. Atzoko protestan hainbat irakasle eta gurasoren sostengua bildu zutelako kontent agertu ziren ikasleak.

Hasieratik #Frydaysforfuture dinamikarekin bat egin zuen Nahia Briault gazteak azaldu zuenez, «gaur mundu mailako hirugarren grebaren atarian gaude, eta zalantza gutxi dugu besteak baino handiagoa izanen dela».

Haren ustez, aste osoan eginen diren ekimenek –atzodanik Angelu, Baiona eta Biarritzen mobilizazio-sorpresak egiten ari dira gazteak– oso helburu zehatza dute, «Nazio Batuen Erakundeak New Yorken egiten duen gailurrari begira, gure presentziaren bidez baldintzatzea».

Iragan martxoaren 15ean Lapurdiko hiriburuko karrikak planetaren aldeko aldarrikapenez bete zirenetik, «bide bat egin dugu, eta gaur hemen gurekin batera hainbat irakasle eta guraso izateak frogatzen du gero eta jende gehiago metatzen ari dela», nabarmendu zuen Briaultek.

Bilbon, arratsaldean

Hilaren 27ko nazioarteko grebaren atarian, Bilbon ere mobilizatu ziren atzo arratsaldean. 18.00etan abiatu zen manifestazioa Santutxutik eta udaletxe aurrean bukatu zen.

Klimaren Aldeko Bilboko Aliantzak euskal gizarteari mezu argia zabaldu zion ostegunean eginiko prentsa agerraldian. Hurrengo ostiralerako mundu mailan deitutako grebara batzeko eskaera luzatu zuen talde ekologistak, sindikatuak, feministak eta pentsiodunak batzen dituen elkarteak. Erantzuna «orain» eman behar dela aldarrikatu zuten.

Oharra: Nazioarteko mobilizazioen informazioa, 22. eta 23. orrialdeetan.