Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Santespirituko zubia autorik gabe, bestelako etorkizuna irudikatzeko

Hamar bat elkarteren sostenguz, Bizi mugimenduak atzo arratsaldean egin zuen klimaren aldeko martxa Baiona Handia eta Santespiritu auzoa lotzen dituen zubian amaitu zen. Bertan, ekimenean parte hartu zuten mila bat lagunak bidean eseri ziren, bestelako etorkizun bat irudikatzeko, egunero milaka auto hartzen dituen zubia herritarren mesedetan kez eta motorren zarataz hustuz. Justizia soziala eta klimatikoa uztartzeko balio izan zuen protestak.

Ostiralean, Fridaysforfuture ekimenaren baitan eginiko deialdiari erantzunez, ehunka ikasle bildu ziren goizean goizetik Baionako karriketan.

Atzo arratsaldean, berriz, hamar bat elkarteren sostenguz Bizi mugimenduak deitu zuen martxan, klima larrialdiari aurre egiteko benetako politikak martxan jartzeko «presioa areagotzeko» prest daudela erakutsi zuten mila bat lagunek Lapurdiko hiriburuan.

Paul Bert plazatik abiatu zen martxa 15.30 aldera. Buruan, justiziaren soziala eta justizia klimatikoaren aldeko aldarrikapena uztartzen zuen banderola.

Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia dela ere jasotzen zuen pankartak, eta, martxa Baiona Ttipia gibelean utzi ondoren Merkatu aldera igaro zenean, hainbat manifestarik lelo zehatz batekin bizkortu zuten eskakizun hori. «Ez zaitezte gelditu guri begira, etor zaitezte gurekin» leloa haizatu zuten, espaloian mugikorrarekin martxaren irudiak hartzen zituzten herritarrei zuzenduz.

«1,2,3... gradu gehiago»; planetak ezin duela berotegi efektuaren eragina gehiago pairatu adierazi zuten ibilbidean zehar ekintzaileek. Egiari zor, atzo arratsaldean Baionan sargori zela aintzat hartuta, espaloian zirenetako batek baino gehiagok pentsatuko zuen lelo horrekin Baionan neurtu zen 28 graduko tenperaturari aipu egiten ziotela klimaren aldeko ibiltariek.

Bide mozketa

Beroari muzin eginez, ordurako Santespirituko zubiaren sarreran, txaleko horia soinean jantzita, hainbat lagun hesiak jartzeko lanean ari ziren, trafikoa moztea xede. Manifestariak hara heldu zirenean, antolatzaileek ekimena antolatzeko arrazoiak azaldu zituzten.

Zubiaren moldaketa lanak burutu ostean, trafiko arau berriak ezarri zituen Herriko Etxeak; ezkerreko espaloia oinezkoentzat utzi du eta eskuinekoan bizikletentzako errei bat ezarri du. Neurriak kexa handiak eragin ditu geroztik, eta atzoko ekimenaren bidez bizikletentzako errei propioa bidean ezartzeko eskatu zuten. Bertan, megafonoa eskuan mintzatu zen Bizi taldeko Txetx Etxeberri; «autoen trafikoa murrizteko aukera polita galdu da», esan zuen. Hori dela-eta, plana berraztertzeko eskatu zion Herriko Etxeari. Bidez batez, Euskal Elkargoak Vinci enpresarekin izenpetu berri duen akordioa «autoa erabiltzeko gonbidapen bat baizik ez dela» kritikatu zuen, hitzarmen hori aurrekontu publikoaren bidez diruztatuko dela salatuz.

Autoei errei bakarra uzteko galdegin du taldeak, bestea autobusentzat gordez, eta eskakizun hori zubiaren blokeo sinboliko baten bitartez indartu zuen atzo. Martxa abiatu aitzin iragarri bezala, zubira heldutakoan ehunka eta ehunka herritar ilaretan eseri ziren, autoari tokia murriztuz gero «hiria jendearentzat bizigarriago bilakatzen dela erakusteko», ekimen horretara familiarekin heldu zen Nahia gazteak azaldu zigunez.

Macronen potreta

Jendeak txaloka erantzun zion blokeoaren erdian lurretik altxatu eta Macronen erretratua buruz behera erakutsi zuen ekintzaileari. Megafonotik aurreko egunotan Lyoneko zigor auzitegiko epaile batek potreten auzian ekintzaile bi zigorrik gabe uztea erabaki duela aipatu zutenean are ozenagoa izan zen txalo zaparrada.

Adin guztietako eta jatorri ezberdinetako jendeak parte hartu zuen oren batez zubiaren blokeo sinbolikoan. Horietako bat zen Gireg, lagun artean Bretainiatik oporretan etorria zena. Bere herrialdean tradizio ekologista azkarra bada ere, «Euskal Herrian ere tokiko dinamika eta aldarrikapen globala, baita lurraldetasuna eta justizia uztartzeko lana ere» badela goraipatu zuen.

Beste espaloian, surf taula besapean eta aurpegia margotuta zeraman Alvesek nabarmendu zigunez, «jarduteko ordua da, ez gure alde soilik, baizik eta gure seme-alaben etorkizuna irabazteko, baina horretarako onartu behar dugu ez garela Lur honen jabeak». Bere ondoan, Emilie ezkor zen: «Beranduegi da, planetan bizia desagertzen ari delako». Hala eta guztiz ere, mobilizatzen jarraituko du, «ona baita gauzak aldatzeko grina duen jendearekin indarra batzea». Atzo, lainoak laino, zubiaren bestaldean etorkizunik badela adierazteko, jardun indibidualek eta borroka kolektiboek bat egin zuten Baionan.