2019/09/23

Fresh Water Pro 2019: Medina eta Peterson txapeldun

Bigarren urtez jarraian nesken zein mutilen lehen mailako lehiaketa egin zuten Kelly Slaterren igerilekuan.Gabriel Medina eta Lakey Peterson gailendu ziren ikusmin handirik sortu ez zuen «lehiaketa artifizialean».

Haritz LARRAÑAGA
0923_its_toledo

Igerileku batean CT mailako txapelketak egiteak iaz sortu zuen eztabaidak ikusmina ere sortu zuen, baina aurten, ez bata, ez bestea, eztabaidak gainditua dirudi, eta ikusle kopuruak behera egin du. Hala ere, nesken zein mutilen CT eta WCT zirkuituetarako baliagarria zen Rancho igerilekuko lehiaketa, eta emaitzek eragin nabarmena izan zuten ranking orokorretan.

Lakey Peterson estatubatuarrak sekulako maila erakutsi zuen eta lehorrean egiten den lehiaketa bat dela irudikatzen duen Rancho igerilekuko traktore gorria irabazi zuen. Mutilen kategorian, berriz, bi aldiz munduko txapeldun izandako Gabriel Medina brasildarrak irabazi zuen «traktore gorria».

Orain, Biarritzeko aireportura bidean dira lehen mailako lehiakideak, urriaren 3an Hossegorren hasiko den txapelketan parte hartzeko.

Lakey Peterson, sasoian

Surflari estatubatuarrak sasoi betean dagoela erakutsi zuen Kaliforniako igerileku famatuan egin zuten lehiaketan. Bizkarrez zein aurpegiz ariketa indartsuak egin zituen, eta arriskatu egin zuen. Aitzitik, ariketa bakoitza behar bezala amaitzea lortu zuen eta bere aurkariek baino puntu gehiago bildu zituen.

Margaret River-en eskuratutako garaipenarekin batera, aurtengo denboraldian irabazi duen bigarren txapela izan zen joan den asteburukoa, eta horri esker, nesken WCT rankingean bigarren postuan da egun.

Santa Barbarako surflariak honako hitzak esan zizkion WSL erakundeko esatariari: «Jainkoa nirekin zegoela sentitzen nuen. Garaipen hau klima aldaketaren kontrako borrokan ari direnei eskaini nahi diet. Gure Lurrak gure laguntza behar du momentu honetan».

Fresh Water lehiaketan hirugarren geratu zen Carissa Moore hawaiiarrak jarraitzen du rankingeko buru, baina gainerakoan aldaketak izan dira lehen postuetan. Sally Fitzgibbons eta Stephanie Gilmore australiarrek postu bat behera egin zuten, eta egun 3. eta 4. postuan dira ranking orokorrean.

Kaliforniako igerilekuan bigarren postua eskuratu zuen Johane Defay tahitiarrak, ostera, postu bat gora egin du WCT rankingean eta egun bederatzigarren postuan dago. Soilik hiru txapelketa falta dira nesken lehen mailako munduko itzulia amaitzeko, eta ranking orokorrean lehen hamar postuetan amaitzen duten surflariek soilik izango dute ziurtatuta datorren urtean ere lehen mailan aritzeko aukera.

Medina atera beharrean

Bazirudien une batetik bestera olatutik atera eta lehorrean surf egiten jarraitu behar zuela brasildarrak. Itzelezko airekoak egin zituen, eta egiten zuena egiten zuela, ez zen erortzen. Azken olatuan, Brasilgo bandera lepoan jarrita aritu zen surfean eta, hain zuzen ere, «superman» izeneko airekoa egiten erori zen.

«Zinez garrantzitsuak dira hemen lortu ditudan puntuak, oso gustura nago egin dudan txapelketarekin. Orain soilik gauza bakarra nahi dut, emaitza onei eutsi eta amaiera arte horrela aritzea», adierazi zuen Gabriel Medinak.

Aurtengo sasoian brasildarrak irabazi duen bigarren txapela izan zen Kalifornian eskuratutakoa. Lehen garaipena Jeffreys Bayko eskuin olatu mitikoan irabazi zuen eta bigarren garaipen honi esker CT rankingeko lehen postuan jarri da. Aurtengo denboraldia amaitzeko hiru txapelketa bakarrik falta direnean, WSL munduko titulua eskuratzeko faboritoen artean dago Medina, eta lortzen badu, brasildarrak munduko txapela lortzen duen hirugarren aldia izango da.

Mutilen CT rankingari dagokionez, Medinak lidergoa eskuratu izanak aldaketa nabarmenak eragin ditu. Izan ere, lehen hiru postuetan ziren lehiakideek postu bat behera egin dute. Hala, Fresh Water lehiaketan bigarren postuan geratu zen Philipe Toledo brasildarra bigarren postura jaitsi da CT rankingean. Eta Jordy Smith, Hegoafrikako lehiakide beteranoa, hirugarren postuan da. Laugarren postuan, berriz, Kolohe Andino dago, duela gutxi lehen postuan zegoen estatubatuarra.

Mutilen zein nesken itzuliko hurrengo txapelketa urriaren 3an hasiko da Hossegorren. Beraz, munduko surflari ezagunenak Landetara bidean dira. Horrela, WSLko lehen mailako zirkuituak azken txanpan sartuak dira, eta aurrerantzean lehia gero eta gogorragoa bilakatuko da.

Formatu berezia

Ezohiko baldintzetan egiten den txapelketa denez, lehiaketa formatua ere ezohikoa izaten da igerilekuan. Aldiz, olatu gainean surflariek egiten dutena puntuatzeko epaileek erabiltzen dituzten irizpide nagusiak ez dira aldatzen; alegia, «olatuaren alde zailenean ariketa egitea, arriskatzea eta ariketa zail eta indartsuak arintasunez egitea».

Ostegunean hasi eta larunbatean amaitu zen aurtengo txapelketa. Mutilen kategorian 36 lehiakide zeuden (Top 34 + 2 wildcard gonbidapena) eta neskenean berriz, 18 (Top 17 + wildcard gonbidapen bat).

Hiru erronda egiten dira eta erronda bakoitzean surflari bakoitzak ezker olatu bat eta eskuin olatu bat hartu behar ditu. Surflaria hasieran erortzen baldin bada, ez du errepikatzeko eskubiderik, baldin eta epaileek olatua ez zela behar bezala formatu esaten ez badute.

Hiru erronden ostean, puntu gehien biltzen dituzten lehiakideak finalera pasatzen dira; mutilen kategorian, zortzi surflari eta lau, neskenean. Finalean ere gauza bera; ezker olatu batean eta eskuin olatu batean hartutako olatuekin puntuazio altuena biltzen duenak irabazten du.

Bitxia da olatuaren zain egiten duten itxaronaldia. Surflaria batere olaturik ez dagoen eremu batean egoten da, ura gerriraino duela, eta bat-batean, tren moduko makina erraldoi bat mugimenduan jartzen da eta olatu bat sortzen du. Hortaz, lehiakideak trenaren zain egongo balira bezala egoten dira igerilekuko leku zehatz batean eta olatua altxatzen denean arraun eginez hartzen dute. Erori ezean, hasieratik amaierara 45 segundo irauten du olatuak, eta olatu batetik bestera hiru minutu pasatzen dira.

KLIMA GOGOAN


Lakey Petersonek «klima aldaketaren kontrako borrokan ari direnei» eskaini zien lortutako garaipena. «Gure Lurrak gure laguntza behar du», nabarmendu zuen surflari kaliforniarrak.

45 SEGUNDO


Surflariak olatua hartu eta amaitzen duen arte 45 segundo eman ditzake olatu gainean, eta olatu batetik bestera hiru minutuko tartea izaten da.