Amalur ARTOLA
DONOSTIA
ZINEMALDIA 2019

Gatibutasunaren oinazeak

1936ko gerraren eraginez 33 urtez bere etxean bertan gatibu bizi behar izan duen gizon baten istorioarekin sartu dira moriartitarrak Urrezko Maskorraren lehian. Gatibutasunak gizakian zein ingurukoengan sortzen dituen oinazeak eta ezinak erretratatu dituzte. Zinema-aretoa txalotan urtu da gerraosteko kontakizun biziaren aurrean.

Zinema-aretoa txalotan lehertu da “La trinchera infinita”, moriartitarrek Sail Ofizialaren barruan aurkeztu duten filma, amaitutakoan. Oraingoan Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren zuzendaritzapean, sei eskuk marraztutako filmak gatibutasunean jartzen du begia, honek itxialdia bere larruan pairatzen duenarengan zein inguruan dituenengan eragiten dituen oinaze eta ezinak deskribatzeko. Banan-banan, lekuz kanpo dagoenaren sentipena, egoerarekiko arbuioa, gatibutasuna onartu beharra, praktikotasunera jotzearen ezinbestekotasuna, arrisku egoerak kudeatu beharra… gatibutasunaren prozesuak aurkezten dizkigute Moriartikoek, baita horren atzean dauden sentipenak ere, amorrutik beldurreraino, damutik eta minetik igarota.

Kontakizunak 1936ko Andaluzian du hastapena (izan ere, “La trinchera infinita” da Euskal Herritik kanpo eta espainolez filmatu duten lehen lana). Gerra lehertutakoan, bizilagunek Higinio salatuko dute eta ihes egin beharko du, baina zoriak –edo inkontzienteak– etxera, emazte Rosaren altzora, darama. Herritik ihes egiteko ezintasunak bere etxean bertan zulo batean gordetzera eramango du. Behin-behineko egoera betikotu egingo zaie Higinio eta Rosari, eta, 33 urtez, 1969ko amnistia orokorra iristen den arte, “hautatutako” gatibutasun egoera horretan bizi beharko du.

Hiru hamarkada luzeko itxaronaldi horretan gerta eta bizi –edo bizitzeari utz– daitezkeenaren lagina eskaintzen digu filmak, sentipen multzo zabalaz horniturik.

Filmaren emanaldiaren ostean, hitza hartuta, Arregik iragana eta oraina elkarrizketan jarri nahi izan dituztela azaldu zuen, eta ikusleak osatu behar duela filma: «Sorkuntza prozesu baten helburu nagusia hori da, horrek egiten du istorioa ikusle bakoitzaren irudimenean haztea».

«Beldurraren gaineko alegoria bat ere bada» filma, Garañoren iritziz, «beldurra gauza unibertsala delako, pausoak emateari diogun beldurra, lana uzteari, armairutik irteteari…».

Atmosfera iluna, itogarria du filmak. Itxiera bati dagokiona. «Hasieran dena iluna da, kamerarekin egiten dugun jokoa ere halakoa da, antsietate hori, kanpoan gertatzen dena ez jakitearena, lortu nahi genuelako. Higinioren ikuspuntutik egindako filma da, berak ez du dena ikusten, ez entzuten, eta galtzen duen hori irudikatu egin behar du. Horrek familiarekin konfiantza galera ere eragingo dio», azaldu du Garañok.

Filmaketaz Arregi mintzatu zen. «Konfort egoeratik irten gara, Andaluziara joan eta orain urte asko gertatutako istorio bat kontatzeko… ‘Ea zer gertatzen den’, pentsatzen genuen. Eta zortea eduki dugu, euskaldunez eta andaluzez osatutako ekipoa sortu eta elkar ezagutzea eta ulertzea lortu genuelako, babestuta sentitu ginen eta beldurra desagertzen joan zen. Aktoreek istorioarekiko konpromisoa erakutsi dute, inguruko jendearengandik informazioa bildu dute eta horrek lekua izan du istorioan. Zuzendariok oso pozik gaude prozesuak emandakoarekin».

Filmak duen “umore politikoaz” ere aritu da Goenaga. «Testuinguruan dago politikoa den hori. Jendeak berak nola bizi duen egunerokotasuna, hor dago. Testuinguru horretara oso etxeko girotik gerturatu nahi genuen: ez genuen Francoz hitz egin nahi ‘ze izorratuta gauden’ ikuspuntutik, baizik eta bere ahots berezi hori gogora ekarriz, adibidez. Pertsonaien gizatasuna, gertatu zen horren guztiaren erretratua, hori da pantailaratu nahi izan duguna».