Haritz LARRAÑAGA

HIZKUNTZEN LORATEGI BAT BAIONAKO SANTESPIRITU AUZOAN

Baionako Santespiritu auzoan ireki ditu ateak Hizkuntza Etxeak. Auzoko hizkuntza aberastasuna islatu eta garatzen lagundu nahi du Jakinola elkarteak, eta horretarako, hizkuntzak ikasteko eskaintza zabala eta erabilera sustatzeko gunea jarri dituzte martxan.

Urrian hasiko dira ikastaroak, baina irailaren 13an ireki zituen ateak Hizkuntza Etxeak Baionako Santespiritu auzoan. «Hizkuntzak ikasi, erabili eta biziarazteko» gune baten beharra aspalditik sumatzen zuten egitasmoaren sustatzaileek. «Ikusten genuen Baiona inguruan, hizkuntzak ikasteko eskaintzak garestiak, elitistak eta mugatuak zirela, eta gehienetan, ikastaroak publiko profesionalari egokituak zirela», esan dio GARAri Jesus Garate proiektuaren fundatzaileak. Bere iritziz, «auzoko hizkuntza gutxituentzako arnasgune bat ere izan daiteke Hizkuntza Etxea».

Duela bi aste ireki zen izena emateko epea, eta jadanik 75 ikaslek eman dute izena. Gehienek euskara, gaztelania edo ingelesa ikasi nahi dute, baina arabiera, txinera, portugesa, alemana, gaskoia eta beste hainbat hizkuntza ikasteko aukera ere badago, baldin eta gutxienez lau ikasleko taldea osatzen bada. Gehienez, ostera, hamar ikasleko taldeak dira.

Formakuntza eta baliabideak

Elkar elikatzen duten bi gune ditu Hizkuntza Etxeak. Batetik, formakuntza gunea dago. Mailaren arabera sailkatuta, hiru ikasgeletan eskaintzen dituzte kurtsoak irakasle titulatuek. Astean bi saio egiten dituzten ikasleek 55 euro ordaintzen dituzte, eta aldi berean, Jakinola elkarteko bazkidetzak eskaintzen dituen abantailak eskuratzen dituzte. Izan ere, ikasgelaz harago, baliabideak behar dira ikasitakoa garatzeko. Garateren iritziz, «ikasgelako hormak hautsi behar dira hizkuntza bat ongi ikasteko».

Ondorioz, hizkuntzak ikasteko gunea eta berauek praktikatu eta biziarazteko gunea barnebiltzen ditu Hizkuntza Etxeak. Ikasgelan ikasitakoa praktikan jartzeko aukerak anitzak direla azpimarratzen du Jakinola elkarteko kideak. Urtean 40 euro ordainduta, bazkideek ostiraletan egiten dituzten mintzapraktika gidatuetan parte har dezakete, adibidez, eta bazkideek proposatutako ekimenak bertan garatzeko aukera ere badago.

Bazkideek liburutegia erabil dezakete eta lekua irekia dago kafe bat hartzera gerturatu nahi duenarentzat. Atalante zinemarekin harremanetan dira, ingelesez eta gaztelaniaz film ugari eskaintzen baitituzte bertan, eta horren ostean, filmari buruz hitz egiteko Hizkuntza Etxean elkar daitezke arno baso bat edaten mintzapraktikak egiteko. Garatek nabarmendu duenez, «inhibizioa garrantzitsua da, giro goxo batek asko laguntzen du».

Bi edo hiru lagunen arteko hizkuntza trukaketak edo «tandemak» ere egin daitezke. Hau da, denbora tarte batez pertsona batek ongi menderatzen duen hizkuntzan hitz egiten du hizkuntza hori ikasten ari den lagunarekin, eta jarraian, lehenak ikasi nahi duen eta bigarrenak menderatzen duen hizkuntzan aritzen dira jakintza elkar trukatuz. Aurrera begira, nazioarteko trukaketak eta diasporekin lan egiteko ideia ere ez dute baztertzen Jakinola elkarteko kideek.

Garateren aburuz, «interesgarria da hizkuntzak nahastea, eta batean ikasteko erabiltzen diren baliabideak, besteetan ere baliatzea». «Nola irakasten dute hori ingelesez? Guk ere horrela egiten proba dezakegu...», hausnartzen du Garatek. Horrela, Jakinola elkarteak aspalditik dihardu euskara ikasteko baliabide digitalekin lanean, baina bigarren urrats bat emateko beharra sentitu zuten, hau da, aurrez aurrekoan ere lan egin behar da, eta Hizkuntza Etxea bitarteko egokia da horretarako.

Iraungo duen kooperatiba bat

Horixe da Hizkuntza Etxea ireki dutenen helburua. Epe motzera, Kooperatiba bat egin nahi dute, elkarte moduan egiten dutena finkatu eta ardurak zehazteko. Epe luzera, berriz, proiektua egonkortzea dute helburu, eskaintza finkatu eta pixkanaka guneak eskaintzen dituen aukerei bide emateko.

Ezarri zituzten lehen helburuak lortu dituzte. Esate baterako, Baionako erdialdetik gertu egon nahi zuten eta oso gertu daude. Santespiritu auzoan egon nahi zuten, ongi komunikatuta dagoen eremua izateaz gain, kulturalki eremu oso aberatsa delako, eta hori ere, jada lortu dute. Orain, proiektuaren sustatzaileen irudiz, «funtsezkoa da hemen kanpoan dagoen aberastasunak, hemen barruan ere isla izatea».

Garatek jakinarazi duenez, «elkartearen izena euskaraz dugu, ordea, Hizkuntza Etxearen kanpoaldean edonork ulertzeko moduko izen bat jarri behar genuen, eta frantsesez jarri dugu, baina hori ere alda daiteke zenbait urteren buruan».

Santespirituko kontrasteak, hizkuntza mailan aberatsa, baina errekurtso urrikoa

Hizkuntza mailan zinez aberatsa da Baionako Santespiritu auzoa, etorkin anitz bizi baita bertan. Ordea, bertako biztanleen gehiengoa baliabide urriko jendea da, eta horrek zailtasunak sortzen ditu ikastaroak osatzeko orduan. Hain zuzen ere, dirulaguntzak eskatu ditu Jakinola elkarteak, baina orain artean ez dute laguntza handirik jaso.

«Frantsesa irakastea helburuetako bat zen, zeren behar handia dago», azaldu du Garatek, baina bere hitzetan, «frantsesa ikasi behar dutenek ez dute dirurik izaten, eta arrazoizko prezioak izan arren, irakasleak ordaintzeko dirua behar da».

Santespirituko biztanle askok ikasi nahi duten beste hizkuntza arabiera da. Garatek azaltzen duenez, «arabieraren kasuan, ez da belaunaldien arteko transmisioa egin, eta gurasoek haurrentzako ikastaroak galdegiten dituzte». Hala, bi irakasle dituzte arabiera irakasteko, eta tailerrak egiten dituzte asteazken eta larunbatean. Izan ere, «auzoan dauden hizkuntza anitzen lorategia izan daiteke Hizkuntza Etxea, arriskuan diren hizkuntza horiek hemen arnasa har dezakete», adierazi du Garatek.H.L