Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Egoa ala duintasuna

Harkaitz Canoren «fan page»-ari «atsegin dut» emateko gonbita egin dit asmo oneko lagun batek Facebooken. Zerrenda ikusi dut eta hainbat idazle badirela egiaztatu dut. Idazle baten aldeko zerrenda, zaleek eta beste hainbat idazlek osatua... Ufa! Neu ere aitortza egitekotan izan naiz: zergatik ez? Harkaitz idazle handia da. Baina neuk, idazle naizen honek, han eta hemen ibili behar al nuke honen edo haren fan-a naizela aldarrikatzen, groupie sinple bat banintz bezala? Askotan tokatzen zaigu idazleoi kolegaren bat goratzea; adibidez, elkarrizketak erantzuten ditugunean. Hasperen egiten du idazleak hor, beste inor goratzean gauza asko esaten direlako: nor da nire laguna, nor maite dut, nor ez da nire lehiakide zuzenegia, nor ez nuke hanpatu behar? Baina azkenean bat edo beste hautatzen dugu, arazo handirik gabe baina aho txikiz, azken batean denok garelako lehiakide. Ez da grabea, ordea, galdera bati erantzuten ari zarenez miresle singular eta bakan gisa agertzen zarelako, kolega baten aldeko keinu elegante, eskuzabal, puntual eta zehatz bat izan duena. Zerrenda bateko parte behin betikoa izatea, ordea, are «fan page» kitsch samar bateko kide, ba oso gauza ezberdina da, eta, egoaz aparte, inolako idazlek ez luke halako keinu gregario eta otzan batean amildu behar. Sikiera duintasunagatik.