Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Alfonbradun hiria

Kendu dizkiote apaingarriak eta itzali dituzte argiak. Gutxinaka, bere horretara itzuli da ziutatea eta betiko erritmoari ekin dio berriz ere, inoiz galdu ez duen erritmoari, hiriak, bere horretan, bizirik jarraitu duelako etenik gabe.

Horren bizirik dago, ezinezkoa izan baita glamourra baliatuz alfonbra baten azpian begi bistakoa dena ezkutatzea, eta hor agertu dira, inork espero ez zuenean, zinemaldiko izarretako bi Gipuzkoako erresidentzietako langileei elkartasun eta indar keinu bat eginez.

Zenbaiten ustez, glamourrez beteriko egunak bizi izan dira Donostian; dotoretasuna berezkoa duen hiria dela diote beste horrenbestek. Dena delakoa izanik, egunerokoan bizirik den ziutatean soilik jazo daiteke zinemaldia, bizitzeko eskubidea bermatua den hirian soilik.

Egunotako alfonbraren gorria eguneroko pankartena ere badelako. Glamourraren herria historikoki borroka sindikalean aritu den herria ere badelako.

Soilik bizirik den hirian gerta daiteke zinemaren magia. Ziutateak bizirik behar du iraun egunerokoan, urtean behin zinemaldiaren glamourrak non gertatu izan dezan. Hiri batean, non bizitzak inportanteak diren heinean gure bizitzez arduratzen direnen bizi eta lan baldintzek ere halaxe behar duten izan eta horrela behar ditugu zaindu eta kontuan hartu.