2019/10/09

Bioaniztasunaren egoera azaltzeko saioa egin dute Gasteizko Parlamentuan

Unai Pascualek Ekosistemen Zerbitzuei eta Biodibertsitateari Buruzko Gobernu Arteko Plataformak –IPBES delakoak– bioaniztasunari buruz egin duen txostenaren ondorioak azaldu zituen atzo Legebiltzarrean.

I.S.|Gasteiz
Pascual_legebiltzarra

«Egoera oso larria da; azken mende erdian klima larrialdia okertu besterik ez da egin; ez da erronka honen tamainako neurririk hartu eta hartu direnak ez dira bete; 2030. urteari begira hartutako neurriak soilik aldaketa sakon eta eraldatzaileak egiten badira lortu ahal izango dira; hori egin ahal izateko, aldaketa eraldatzaile hori jomuga gisa jarriko duten neurri koordinatuak hartu beharko dira».

Horiek dira, hurrenez hurren, Pascualek Gasteizko legebiltzarkideen aurrean atzo azaldu zituen ondorioetako zenbait. Ekosistemen Zerbitzuei eta Biodibertsitateari Buruzko Gobernu Arteko Plataformak –ingelesez IPBES izenez ezagutzen denak–, bioaniztasunari eta ekosistemen zerbitzuei buruz egin duen azken txostenaren ondorio nagusiak dira. EH Bilduko Mikel Otero parlamentariaren eskariz, Pascual Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Batzordean egon zen txostena azaltzen.

Ikus daitekeenez, txostenaren emaitzek egoeraren larritasunaz jabetzeko balio dezakete, baina aldi berean klima larrialdiari buruzko fatalismoa uxatzeko ere egokiak dira. Txostena datuen gainean dago eraikia, definizio argietan oinarritzen da, grafiko zehatzez lagunduta dator… Egitate zientifikoetan oinarritzen da eta horien araberako politikak proposatzen ditu.

Esan bezala, txostenak politika horiek eraldatzaileak izan behar direla esaten du. Ekonomia, gizarte, politika eta teknologia mailan aldaketa sakonak behar direla defendatzen du. Ordezkari politikoek alor hauetan duten ardura beren gain hartzea garrantzitsua da. Horixe zen atzoko bileraren zentzua.

IPBES Nazio Batuen eta bere agentzien inguruan sortutako erakundea da. Egoitza nagusia Bonnen du, Alemanian. Mundu mailako adituek osatzen dute. Unai Pascual, BC3 Basque Centre for Climate Change ikerketa zentroko eta Ikerbasqueko ikertzailea, aditu horietako bat da.