HERRI KIROLAK

Desafio interesgarria aizkoran eta segan igandean, Hernanin

Jokin Urretabizkaia donostiarra eta Jon Larrañaga Hernanin bizi den oiartzuarra Hernaniko Jauregi erretegiaren inguruko zelaian neurtuko diraigande eguerdian. Zortzi kana-erdiko moztu eta 75 minutu bete arte segan ariko dira ohorea eta 3.000 euro jokoan dituztela.

Jokin URRETABIZKAIA

«Hasiberria izan arren zortzi kana-erdiko proposatu nizkion»

Andres OSA «SAKONA»

Desafioak, zoritxarrez, itzalita daude. Nola izan da zuen kasuan aizkora eta sega uztartu eta bidean jartzeko erabakia?

Larrañaga indartsu dago, eta desafioa luzatu zidan. Berak lau kana-erdiko moztu eta gainontzeko denbora segan egiteko asmoa agertu zidan. Nire aldetik, aizkoran berria izan arren, zortzi kana-erdiko proposatu nizkion. Aizkora eta segarako 75 minutu jarri genituen. Azkenean, segan belar gehien mozten duena izango da desafioren garailea.

Aizkoran ala segan, non duzu konfiantza gehien?

Aizkoran, berak denbora kenduko dit. Segan, zerbait gehiago izatea pentsatzen dut. Aizkoran, bi hilabete besterik ez ditut egin. Segan, azken txapelketako finalean aritu nintzen Asteasun.

Nortzuk dituzu entrenatzaileak?

Aizkoran, Gabriel Saralegi daukat ondoan, eta segan, Manuel Erasun.

Kontxo, gora jo duzu, izena eta izana duten maisuak biak. Eta adinean ere baduzue aldea, 20 urte zuk eta 51 aurkariak...

Bai, aldea onerako zein txarrerako izan liteke. Baina guk ez dugu aldatuko adin kontua.

20 urte besterik ez duzu, zer diote etxean?

Ea erotuta nagoen. Hor ibili gabe ere badagoela zer egin. Baina gero animatu egiten naute.

Zure asmoa zer da, bide honetatik jarraitzea?

Ongi aritzen banaiz, nahiko nuke jarraitu. Desafioa da azkenean gure kirolean gora egiteko bide seguruena.

Desafio giroa sumatzen al da?

Badirudi interesa badagoela eta egunetik egunera berotzen doa.

Jon LARRAÑAGA

«‘Hasiberria da eta zaunkaka zetorrek’ pentsatu nuen»

Andres OSA «SAKONA»

Aizkoran plaza batzuetan ibilia zara.

Bai, maila apalean atsegin zitzaidan aizkoran jardutea. Hirugarren maila inguru horretan aritzen nintzen. Goian zebiltzan aizkolarien lana ikustea ere beti izan dut atsegin.

Zortzi kana-erdiko ez da gehitxo?

Bueno, guretzako lan handia da. Neronek luzatu nion apustu gonbita. San Inazio inguruan bildu, eta nik lau kana-erdikotara aizkoran eta ondoren segan itxurazko lana ipini nion. Berak lan hori bikoiztu egin zidan, zortzi kana-erdiko, eta segan ere nik apuntatu baino gehiago. Horren aurrean, neure kolkorako pentsatu nuen, ‘aizkoran hasiberria da eta zaunkaka zetorrek’. Baietz esan nion.

Nor duzu laguntzaile nagusia?

Aizkoran, eta baita segan ere, laguntzaile nagusia Iruntxiberri dabilkit. Eta alboan beste lagun pare bat ere baditut, Donato Larretxea eta Matxain.

Zaleen aldetik zer giro sumatzen da?

Jendea hasi da galdezka, animoak ematen ere bai, eta badirudi erantzun ona izango dela. Zaleak gogoa du desafioak ikusteko.

Zelaia nola dago?

Belarra bere garaian ebaki zen eta sekulakoa atera da. Mardula eta aski gozoa. Horretan ez da izango aitzakiarik.

Egurra nork darama?

Jokinek eramango du. Berak hala nahi zuen eta ongi iruditu zitzaidan. Material ona eramango duela uste dut. Aizkoran hasi berria da eta egur gogorra eramatea kaltegarria litzateke biontzat.