GARA
GASTEIZ

Hiru artista arabarren lana aukeratuko du Artgiak Emart bekarako

Arabako emakume artisten lana hauspotzea da Artgia sorgunearen xedeetako bat, eta bere horretan jarraitu nahian Emart beka emateko bigarren deialdia egin dute. «Arte bisualen, soinudun arteen eta arte eszenikoen barruan kokatzen da Emart, Araban emakumeen sorkuntza gaztea sustatzeko», azaldu zuten.

Araban susperraldian dauden emakume artistak kultura ekosistema baten erdigunean jartzea dauka xedetzat eta emakume artista arabarrek sortutako artelanen ekoizpena, erakusketa eta hedapena sustatzen ditu deialdiak.

Bigarren aldiz abiatu dute deialdia, eta lehen edizioan ikasitakoa praktikan jarri dute. «Aurten formakuntza saioak eskainiko ditugu. Aurreko urtean hainbat izan ziren artistek aipatu zizkiguten gabeziak. Horien artean daude adibidez oso oinarrizkoak diren baina inork erakusten ez dituen artiston ekonomiaren kudeaketa, online eta offline komunikazioa edota proiektuen kontzeptualizazio eta aurkezpenak», argitu zuten.

24 urte dituen Almudena Maeso artistaren hitzetan, «unibertsitatean ez dira apenas horrelako gaiak jorratzen; ez BEZa, ez PFEZa… lanean hasi eta bai ala bai ezagutu behar direnak». Horregatik, urriaren 24, 25 eta 26an hiru formakuntza saio hauek eskainiko dituzte «praktikoak eta behar-beharrezkoak diren gauzak nola egin irakasteko». «Sinergiak elkarrizketa eta elkarlanaren bidez sortuko dira, eta, horrela, sareak eraiki ahal izango dira askotariko diziplinak jorratzen dituzten artisten artean», azaldu du.

Deialdi honetan hiru proiektu aukeratuko dituzte eta horiek jasotzeko epea urriaren 26tik azaroaren 10a bitartean egongo da zabalik.