Maider IANTZI
DONOSTIA

KoopFabrikaren edizio berri bat ekintzailetza soziala lantzeko

Alde batetik, ekimen ekonomiko kolektibo kooperatiboak bultzatu eta martxan jartzeko bidelagunak eta ekosistema eskaini nahi ditu KoopFabrikak. Bestetik, lurraldean sustraitu eta eragitea du xede. Donostiako Egia auzoko Teila Fabrika berrian, espazio goxo batean aurkeztu zuten atzo laugarren edizioa. Kontent daude emaitzekin: 165 lagunek jaso dute ekintzailetza sozial eta kooperatiborako formazio teoriko eta praktikoa, eta horrek fruituak eman ditu.

Ekintzailetza sozialean trebatzeko helburua duen KoopFabrikaren laugarren edizioa aurkeztu zuten atzo Donostiako Teila Fabrikan. Arianne Kareaga koordinatzaileak agertu zuenez, kontent daude orain arte egindako bidearekin. Kasik 45 proiektu sozioekonomiko egonkortu dira eta beste hamar bidean daude. Horiei laguntzeko 21 bidelaguneko sarea osatu dute. Leire Udabe Lakari kooperatibako kide eta KoopFabrikako koordinatzaileak azaldu zuenez, 74 lanpostu sortu dira.

Hasieran goizean soilik ematen zuten formazioa, baina zenbait jenderengana iristen ez zirela ikusita, iaz arratsaldera zabaldu zuten eskaintza. Aurten horri eutsiko diote. Bi formazio garai antolatu dituzte, bata azaroa eta abendua bitartean, Huheziren Eskoriatzako fakultatean, goizez. Bestea, otsaila eta apirila artean, Hernaniko Iturolan, arratsaldez. Proiekturen bat garatzeko asmoa duen edonori edo ekintzailetza sozialean trebatu nahi dutenei gonbidapena luzatu diote; Koopfabrika.eus wegunean eman dezakete izena.

Gezki, Lanki eta Olatukoop

Aurkezpenean izan ziren KoopFabrikako beste partaide batzuk, adibidez Gezki EHUko ikerketa institutua. Bertako Enekoitz Etxezarretak nabarmendu zuen leiho bat dela eurentzat KoopFabrika, lurraldera hurbiltzen dituelako. Huheziko Lanki ikertegiko Aitzol Loiolak lurraldeko eragileek partekatzeko espazioak sortzeak duen garrantzia azpimarratu zuen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, Iker Estensorok lurralde orekatua eraikitzeko bidean KoopFabrikak egiten duen ekarpena baloratu zuen.

OlatuKoop sareko Irune Cano pozik agertu zen eraldaketa ekonomikoa eta soziala uztartzeko aukera ematen duelako KoopFabrikak proiektu errealekin, eta hobetzen ari delako «lankidetza handiari esker».

KoopFabrikaren hartzaile gisa eman zuen testigantza Maider Oiartzabal Sorkunde elkarteko kideak. «Bertan, pertsonen ahalduntzea bultzatzen dugu proiektu artistiko ezberdinekin». Berarentzat «oparia» izan zen KoopFabrikan bere burua heztea. Egitasmoa «oso humanoa» dela nabarmendu zuen.