Jon ORMAZABAL
PILOTA

Peio Etxeberriaren zapore gozoko lehen porrota

Artolak eta Lasok sufrituta irabazi zituzten beraien partidak; Peio Etxeberria hiru tantogatik pasatu zen.

Gutxi izango dira hogeita bira heldu ez eta pilotalekutik pozik irteten diren pilotariak. Astelehen gauean Peio Etxeberriak izan zuen burkoarekin hausnartu beharreko gairik; Artolaren aurkako partidan «detaileengatik» ihes egin omen zion garaipenak eta Beotibarreko partidak badu alde horretatik irakastekorik, baina 20 tanto eginda final- laurdenetarako ligaxkan sartuta, amets askoz gozoagoak egiteko aukera izan zuen.

Gogoan ondo gordea izango du Zenotzeko aurrelariak lehen mailako kaiolan jokatutako lehen partida, Tolosan bizi izandakoa zinez bitxia izan zen-eta. Mikel Urrutikoetxeak txapelketan jokatzeari uko egin ostean, lehen jardunaldiko galtzaileetako onenak bigarren aukera bat izango zuen. Irribarriak 7 tanto eginda eta Bakaikoak 6, astelehenean jokatzen zuten pilotariek bazekiten partida ona eginda, irabazi gabe ere, hurrengo kanporaketan egoteko aukera handiak zituztela.

«Detaile batzuk izan ziren partida bere aldera erorarazi zutenak. Pena handia dut irabazi ez nuelako, baina kontent amaitu nuen egindako partidarekin. Lehen aldia nuen Artola bezalako aurkari baten aurka eta nik uste partida polita egin genuela», azaldu zuen Etxeberriak alegiarraren aurkako partidaren inguruan galdetuta. Nafarra 1-7 aurreratu zen arren, Baikoko aurrelariak presiotik askatzea lortu eta buelta eman zion partidari. «Azkenean bere pilotarekin min handia egin zidan eta nik, aurrera joan beharrean, atzera egin nuen; berak indar handiagoa du eta hor egin nuen huts».

Dena dela, 20 tanto batuta, zailena eginda zuela zirudien, baina Elezkano eta Lasoren arteko partidaren emaitzaren zain geratu behar izan zuen, biak 20 tanto egitera hel ez zitezen bultzatuz. Beotibarren frontisaren ondoan, korridore estu baten atzean daude aldagelak eta, takoak kendu eta dutxatik igaro ostean, bertatik jarraitu zuen aurrelari nafarrak Elezkanoren eta Lasoren arteko partida. «Ikusi nuen, tarteka irteten nintzen ikustera eta oso urduri egon nintzen begira. Hasieran ez hainbeste, baina tantoak pilatzen joan ziren heinean, normala den bezala, urduritasunak gora egin zuen».

Kantxan larriago

Hala ere, bestelakorik pentsa badaiteke ere, «nire partidan sufritu nuen bestea ikusten baino gehiago. Azkenean nik nirea egin behar nuen, irabazi egin nahi nuen gero pasa nituenak ez pasatzeko, baina hala tokatu zen eta, hala ere, oso pozik».

Majo sufrituta eta nahi ez zuen eran izan bazen ere, Tolosan gainditutako langak aukera polita ireki dio parean, ligaxkan hiru partida gehiago jokatzeko aukera izango baitu Jokin Altuna, Victor Esteban eta Erik Jakaren aurka. «Nire buruari orain arte bezala jarraitzeko eskatzen diot, nirea ondo egin, partida onak jokatu eta tantoz tanto joatea, aurrean nor dagoen begiratu gabe», aitortu zuen.

Denetan bereziena, ziur asko, astelehenekoa, berriz ere Tolosan eta Jokin Altunaren aurka. «Niretzat oso polita da, bere lehen partida izango da. Ni bat jokatuta helduko naiz eta ondo ikusi nuen nire burua eta saiatuko naiz dena ematen».

Azken urtean aurrerapauso handia eman du Zenotzekoak, buruz burukoan ere bai, Zabala, Agirre eta Rezustari irabazita final-zortzirenetara heldu zen eta. Elezkanok kanporatu zuen eta orain, era zuzenean izan ez bada ere, arantza atera du Zaratamokoarekin. Eguneroko lana baino ez omen dago hobekuntza nabarmen horren atzean. «Nik uste dut hobekuntza orokorra izan dela, buruz ere aurrerapauso bat eman dut eta baita jokoz ere. Horretarako entrenatzen gara egunero».

Iker Mariezkurrena firma por Garfe por un año

Tras haberse entrenado bajo la tutela de Baiko durante los últimos años, con la que parecía próximo a debutar, Iker Mariezkurrena ha firmado por una temporada con Garfe, empresa con la que se estarenará el próximo 26 de noviembre en su Berriozar natal. Jugará con Titín de delantero contra Elizalde-Beroiz.

Hermano mayor del profesional de Baiko Jon Mariezkurrena, Iker, de 23 años, posee una brillantísima zurda. Dos operaciones en sus manos frenaron su progresión, pero sus problemas parecen superados. J.O.