GARA
gasteiz

Zaballako espetxean aurten jazo den bosgarren heriotza salatu dute Gasteizen

Presoen eskubideen aldeko Salhaketa elkarteak Gobernu espainolak Gasteizen duen ordezkaritzaren aurrean protesta egin zuen atzo, 2019an Zaballan izan den bosgarren heriotza salatu eta hildakoaren gertukoei elkartasuna adierazteko.

Elkarteak azaldu zuenez, A.F.N., 50 urte inguruko donostiarra zen hildakoa. Heriotza irailaren 21ean jazo bazen ere, «bitxiki» sei egun pasa ziren publiko egin zen arte. Zentzu horretan, kartzeletan gertatzen diren heriotzen inguruan dagoen «opakutasuna» eta «informazio falta» nabarmendu zuten.

Hildakoa ez zen zigorra Zaballan betetzen ari. Epaiketa batera joan zedin lekualdatu zuten. Heriotzaren arrazoia, «kartzelaren eta funtzionarioen arabera», droga gaindosia izan zen, nahiz eta Salhaketak ez daukan «informazio hori kontrastatzeko beste daturik».

Ospitaleratzea

Aste berean, gainera, beste preso bat larri ospitaleratu behar izan zutela jakinarazi du Salhaketak, ustez bere buruaz beste egiten saiatu zelako. Haren egoeraren inguruko informazio gehiagorik ez daukatela ere zehaztu zuten.

Azken heriotzaren nondik norakoak argitzeko espetxeko zuzendaritzak idatziz agertu duen konpromisoaz gain, «kasu guztietan, aurreikusteko eta saihesteko modukoak diren» heriotzei aurre egiteko neurriak hartuko ote dituen galdetu zuen Salhaketak: «Zer egingo du Zaballak? Zein da Espetxe Erakundeen gutxieneko ardura, presoen bizitza zaintzea ez bada?».

Ildo horretan, gogoratu zuten presoen «gehiengo handi bat» politoxikomanoa dela eta, «gaixo dauden pertsona bezala» artatuak izan daitezen Osakidetzak eta, hortaz, Lakuako Gobernuak duten erantzukizuna azpimarratu zuten.

Estatuaren zaintzapean gertatzen diren heriotza guztiak ofizioz ikertu daitezen eskatzeaz gain, Salhaketak adierazi zuen Espainian 134 direla aurten espetxean hildakoak, batez beste astean hiru heriotza daudelarik.