GARA
IRUÑEA

Garraiolarien heriotzak eskubide faltaren ondorio direla ohartarazi dute

Nafarroako lan istripu ugariak gaitzesteko, Gobernuaren Lurralde Kohesio Departamentuaren aitzinean bildu ziren atzo ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru eta CGT. “Prekaritatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez” zioen pankarta zabaldu zuten. Joan den ostiralean A-15 autobian hil zen garraiolariaren senide eta lagunak babestu eta doluminak eman zizkieten.

Beste sektoreetan gertatzen den bezala, kamioilarien lan baldintzak gero eta okerragoak direla ohartarazi zuten. «Gehienak autonomoak izanik, ez dute gizarte babes egokirik lan istripu eta gaixotasunetan eta, gainera, izaten dituzten lan istripuak sarri ez dira estatistika ofizialetan zenbatzen: trafiko istripuen zenbakien atzean gordetzen saiatzen dira».

Administrazioak, arretarik ez

Ez zuten ahantzi garraiolaria egun gutxitan Nafarroan hil den hirugarren langilea dela. Are gehiago, bi astetan errepidean hil den bigarren langilea da. «Datuok kontuan hartu beharko lituzke administrazioak, baina nahiago dute beste aldera begiratu», nabarmendu zuten.

Ildo horretatik, garraiolariek izaten dituzten istripuak «arautu gabeko eta eskubiderik gabeko sektore batean» aritzeagatik gertatzen direla salatu zuten. Enpresen presa eta presioak, ordutegi estuak, gehiegizko pisuak, prezio baxuak, lanaldi luzeak, atsedenik hartu ezina... Sindikatuen arabera, baldintza horiek seguru eta duinki lan egitea eragozten dute eta arriskuan jartzen dute beren bizia.