Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Jon Bienzobas

Kexu da Eusko Jaurlaritza, Galdakaoko Udalak Jon Bienzobas presoaren margolanen erakusketa baimendu duelako. Bitxia da, munduko gobernu guztiek bultzatzen dituzte presoak margotzera. Eta ez da kontu makala: denek nahiago lukete, nik zer dakit, informatika gaurkotua ikasi. Etorkizuneko app-ak diseinatzeko ikastaroak egin. Sosak irabazi. Etorkizunerako prest izan, ateratzean gizartearen bazterrean ez sentitzeko. Baina aizue, hori gehiegi eskatzea da, eta jubilatuentzako tailer hauek eskaintzen zaizkie. Pintura, zeramika, altzarien zaharberritzea. Ez dugu esango XVIII. mendeko kartzelekiko asko aurreratu dugunik, baina bada egunak heroinaz betetako xiringak zintzilik eramatea baino gehiago. Han zuloan daude presoak, han egotera beharturik. Eta trukean, lau pintzel ematen zaizkie, eguneroko bizitzari zentzu minimoa eman diezaioten. Ez dezaten azken haria gal. Badoaz tailerrera, zabaltzen dituzte mihiseak, eta berniza esnifatu beharrean, margoak erabiltzen dituzte. Herabe, umil, zerbait esatekotan. Inork entzungo ote dituen esperantzaz. Halako humanitate dosi minimoa Espainiako terrorearen txarangarentzat eskandalua izatea, espero zitekeen zerbait da. Baina EAJ kokorikoka entzuteak patetismoaren langa guztiak birrintzen ditu. Lau boto ziztrinen truk estolda grotesko horretan sartzen dena, gera dadila hor lokatzotan, eta ito dadila behingoz.