Maite UBIRIA
BAIONA

Sorzabalen aurkako hirugarren euroagindu eskaera onartu du Parisek

Parisko Dei Auzitegiak Sorzabalen aurkako hirugarren euroaginduari buruzko erabakia jakinarazi zuen atzo. Ebazpena emateko data hiru aldiz atzeratu eta gero, auzitegiak presoa Espainiaratzea onartu du.

Parisko Dei Auzitegiak Iratxe Sorzabalen aurka Auzitegi Nazional espainolak aurkezturiko hirugarren euroagindua onartu du. Ebazpena emateko data hirutan atzeratu eta gero, auzitegiak eskaera onartu du.

Auzitegi Nazionalak orotara hiru euroagindu aurkeztu zituen Iratxe Sorzabalen kontra. Hain zuzen, 1995 eta 1996an gertatutako hiru ekintza armaturengatik epaitu nahi du Estatu espainolak Sorzabal.

2001ean atxilotu zuten eta torturapean deklaratu zuela salatu zuen. Hori dela-eta, euroaginduei lotuta, 2017ko irailean iragan zen lehen auzian preso irundarraren defentsak Istanbulgo Protokoloan oinarritutako azterketa psikologiko eta fisikoak aurkeztu zituen.

Presoak 2001eko deklarazioa torturapean eginarazi ziotela berresten zuen dokumentuak. Parisko Dei Auzitegiak informazio gehigarria eskatu zien epaile espainolei 2001eko gertakariei buruz, baina auzitegi espainolak Iratxe Sorzabalen autoinkulpazioan oinarrituriko elementuak baizik ez zituen igorri.

Helegitea aurkeztuko dute

Hala eta guztiz ere, defentsaren helegiteak alboratuz, bi euroagindu eskaera onartu zituen Justizia frantsesak, atzo ezagutu zen erabakia hartu aitzin. Xantiana Cachenaut abokatuak GARAri baieztatu dionez, atzoko erabakiaren aurkako helegitea jarriko dute Kasazio Auzitegian.

Bestalde, Auzitegi Nazional espainolak Iñaki Retaren aurka aurkeztu zuen euroagindua aztertu zuen atzo Parisko auzitegiak. 2010eko dosier batean auzipetzeko asmoa agertu du Madrilek, Reta entregatzeko eskatuz. Epaitegiak azaroaren 20an ezagutaraziko du bere erabakia.