Maider IANTZI GOIENETXE
DONOSTIA
Elkarrizketa
KIKE AMONARRIZ
EUSKALTZALEEN TOPAGUNEKO LEHENDAKARI BERRIA

«Aldeko haizeak ditugu pauso handi bat emateko»

1961ean Tolosan jaiotako euskaltzalea 19 bat urterekin batu zen herriko euskara taldera. Duela 25 urte Topagunearen etxea eraikitzen hasi zen eta orain etxearen ardura hartzea egokitu zaio. Pozik eta ilusioz dago. Galtzaundi euskara taldeko lehendakaria ere bada eta horrek lurra ukitzen eta makroan egiten diren planteamenduak mikroan ikusten lagunduko dio.

Lehen egunak ditu Kike Amonarrizek Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari arduran eta «benetan apustu polita» dela konturatuta dago. «Aurrerapausoak emateko gogo orokor bat dagoela ikusten da. Beharra ere bai. Uste dut denok sumatzen dugula orokorrean aldeko haizeak ditugula. Inoiz baino adostasun politiko-sozial handiagoa daukagu, euskalgintzan ere elkarlanerako inoiz baino giro hobea dago, ezagutza aldetik sekula baino oinarri hobeak ditugu… Orain da», aldarrikatu du.

«Kontrako indarrak ere gotortzen ari dira eta horiei aurre egiteko daukagun modu onena benetan gizarte ahaldundu, trinkotu eta ilusionatu bat izatea da. Horretan zenbat eta bateratuago lan egin, hobeto». Pasioz mintzo da Amonarriz. Hitzak berez ateratzen zaizkiola dirudi, azaltzen ari dena primeran ezagutzen duen seinale. Baionan Euskal Konfederazioarekin bildu ondotik etorri da GARAra. Bertatik bertarako aktibazioan sinesten du eta Euskal Herriko errealitate ezberdinetan barna mugitzea tokatuko zaio. «Iparra ondo markatzen badugu, aurrerapauso handi bat eman dezakegu hizkuntzaren biziberritzean», dio baikor.

Sorreratik beretik zaude Topagunearekin lotuta.

Justu egun hauetan bete dira 25 urte Tolosako Galtzaunditik beste euskara taldeei gutun bat bidali genienetik, Gaztelun egingo zen topaketa batera gonbidatuz. Handik sortu zen Topagunea. Gero beste ekinbide batzuetan ibili naiz baina, gehiago edo gutxiago, beti izan dut lotura Topagunearekin. 10-12 lagunek Topalabea osatu genuen, ikuspegi estrategiko bat lantzeko. Horrek egin du posible, beste faktore askorekin batera, Euskaraldia.

Hasierara itzuli zara.

Neurri batean bai. 25 urteko ibilbidea ikusi egiten duzu, gainera. Hitzaldian, izandako lehendakari guztiak oroitu nituen, Topaguneak izan duen bilakaeraren sinbolo bezala. Bakoitzarekin urrats bat egin da. Lehenengoa, Fernando Muniozguren, sorreraren eferbeszentzia izan zen. Bera ere ameslaria eta ekintzailea zen. Joxemari Muxikak, kooperatibismotik, sortutako guztia egonkortu eta ordenatu zuen. Karmen Irizarrekin federaziotik mugimenduranzko lehen bihurgunea eman zen. Mikel Irizarrek oinarri teorikoa eman eta zoru komuna eraiki zuen. Horren guztiaren gainean Elena Lakarekin loraldia eta hedapen ikaragarria gertatu da.

Zein aukera daude orain?

Euskaltzaleen mugimenduak beste jauzi bat emateko aukera du, euskalgintza osoak eta euskararen biziberritze prozesuak bezala. Euskaraldiak indar zabaltze eta sortze handi bat suposatu du, eta ikasturte hau baliatu behar dugu energia hori egituratzen eta trinkotzen joateko, bakoitza bere errealitatetik abiatuta. Esate baterako, Iparraldean hori lantzen ari gara Euskal Konfederazioarekin. Egoera soziala, politikoa, legala… oso ezberdinak dira eta bertatik sortu behar du dinamikak. Hori bada Topagunearen ezaugarri bat. Behetik gora sortu den mugimendua da.

Tokian toki moldatzen da?

Hori da. Horrek esan nahi du egitura malgu bat behar dela, baina saretua. Hurrengo urteetan urrats bat aurrera egin behar dugu euskara herri honen agenda soziopolitikoaren erdigunera eramateko. Topagunearen DNAn oso txertatuta dauden parekidetasuna eta aniztasuna bezalako ideiekin batera, euskararen gaia hemen sortuko diren hitzarmen guztietara eraman behar dugu.

Euskaraldian lortu zen hori.

Hori egonkortu behar dugu. Bai Topagunearen, euskalgintzaren eta mugimendu sozialaren bidetik, baina baita erakundeen bidetik ere.

Datozen Euskaraldiek norabidea markatuko dutela aipatu izan duzu.

Euskaraldiaren funtsa aurrerapauso sendoak ematea da. Bakoitzak bere abiapuntutik eta bere errealitatera egokituta, baina erabilera errealera zuzenduta. Lehenengo Euskaraldian ez zegoen festa handirik edo manifestaziorik, norberak pausoa ematea zen kontua. Hori metodologia aldaketa handi bat da. Hori bera planteatuko da orain entitateetan, erabilera sustatzeko urrats zehatzak egitea. Herritarrek hori ikusten badute, prozesua serio doala ohartuko dira, mantsoago edo azkarrago, baina serio. Hor jokatzen dugu Euskaraldiaren sinesgarritasuna.

Lehenengo edizioan hori izan zen gakoa jendeak funtzionatu zuela sentitzeko. Parte hartu zuten gehienek esfortzu hori egin zuten. Are gehiago, iritsi ez zirenean ere kontzientzia hartzeko balio izan zien: «Kontxo! Hemen euskara gehiago egiten nuela uste nuen». Hori sekulako urratsa da. Egin kontu Euskaraldia ez dela euskarak dituen erronka guztien soluzioa. Baina bide ematen du zenbait lan ardatz zabaldu eta indartzeko.

Adibidez?

Euskaraldi indartsu batek ondorio logiko bezala ekarri behar du euskaltegietara jende gehiago eramatea, baita euskarazko produktuen kontsumoa handitzea ere. Elkarlanaren ideia hori da: ditugun baliabide guztiak optimizatzea, elkar indartzeko. Denon beharra daukagu prozesu hau aurrera eramateko. Herri mugimenduak, gizarte eragileek eta erakundeek egitasmoak elkarlanean lantzen ditugunean emaitzak biderkatu egiten dira. Gero eztabaidak egongo dira, nola ez dira egongo! Behar ditugu gainera, baina elkarlanerako zoru komun nahikoa dugu. Horrekin indartzen ditugu eta indartuko ditugu elkarte, enpresa eta erakunde guztietan dauden gune euskaltzaleak.

Aurki «Euskararen bidegurutzetik» liburua argitaratuko duzu. Kargua hartzeko hitzaldian ere bidegurutzea aipatu zenuen. Zergatik?

EAEn eta Nafarroako iparraldean 25 urtetik beherako haur eta gazteen artean ia ezagutzaren unibertsalizaziora iritsi gara. Bere akats eta gabezia guztiekin. Inguru horietan, baita Nafarroako beste eremuetan eta Iparraldean ere, gero eta gehiago dira adin horietan euskaldunak direnak. Baina ezagutza ez bada erabilera bihurtzen, haien seme-alabek galdetuko dute: zertarako ikasi? Hori Irlandako gaelikoaren kasua da. Ezinbestekoa da jauzi historiko bat ematea eremu ez formalean eta aisialdian, non defektuz egingo den eskaintza euskarazkoa izango den. Bigarrenik, gazteek euskara edo ‘euskara ere’ erabiliko al dute bihar beren ohiko lan jardueran? «Bai» erantzun arte ezin dugu gelditu.

Nafarroan, «eremu mistoan» eta «ez euskaldunean» Administraziorako lan deialdietan euskara baloratzea baliogabetu dute epaileek berriki.

Nafarren heren bat euskararen alde dago, heren bat kontra eta heren bat erdibidean. Azken heren horretan jokatzen dugu geroa. Heren hori euskarazko posizioetara hurbiltzen badugu, eta ditugun datuen arabera badoa, posible izango da ofizialtasuna lortu eta bermatzea eta euskarazko ezagutza hedatzea. Erabili beharreko estrategietan daukagu eztabaidatu eta ondo pentsatu beharra.

Estrategia horretan euskaltzaleen mugimendua ahulago dagoen lekuetara zabaltzea hartuko duzue kontuan? Eta gazteek espazio propioa izatea?

Baditugu bereziki landu nahiko genituzkeen multzo batzuk. Bata gazteengana iristea eta gaztenengandik jasotzea da. Batzuek badute kezka gazterian euskararen gaia ez ote den indarra galtzen ari. Nik uste dut hori berraktibatu daitekeela eta Topagunearen zenbait elkartetan ikusten ari gara belaunaldi aldaketa bat, jendearen aldetik prestasuna, Euskaraldian gazteen partaidetza handia izan zen… Hor badugu lan bat denok.

Bestetik, bai zonalde erdaldunetara, bai erdaldungoarengana heldu nahi dugu.

Etorkinak ere aintzat hartuko dituzue?

Erronka handia dugu hor. Zenbait programa horretara bideratuta ditugu. Bide berriak zabaldu behar ditugu, eta iruditzen zait oro har erdaldunenganako mezuak eta diskurtsoak orain arte baino gehiago landu behar ditugula.