Nagore BELASTEGI
Elkarrizketa
BENITO LERTXUNDI
MUSIKARIA

«Ni ez naiz behin ere geldirik egon; ni hemen nago beti»

1993ko grabaketa ederra berreskuratu du Kantaita Enea diskoetxeak. «Zuhaitzak landatzen zituen gizona» ipuin musikatua euskaraz grabatu zuen orduan Benito Lertxundik (Orio, 1942), Madrilen. Ia kaleratu izan ez balitz bezala, ezkutuan mantendu da orain artean eta, horregatik, berriro ere argitara ematea erabaki dute, edizio berri bat sustatuz.

Proventzako Alpeetan bizi zen artzain baten istorioa kontatzen du “Zuhaitzak landatzen zituen gizona” lanak. Semea eta emaztea galdu ondoren, bere bizitzarako helburu bat finkatu zuen: zonalde osoa zuhaitzez betetzea. Hala, urteak eman zituen ezkurrak landatzen, paisaia osoa eraldatu arte. Horixe kontatzen du Jean Gionok lehen aldiz 1954. urtean argitaratu zuen ipuinak.

40 urte geroago ipuinaren bertsio musikatua egin zuten, Paul Winter konposatzailearen laguntzaz, eta Benito Lertxundiri euskarazko bertsioa egitea proposatu zioten. Orain, familia giroan sortutako Kantaita Enea diskoetxearekin lana berrargitaratu du oriotarrak.

Nolatan atera duzue berriro «Zuhaitzak landatzen zituen gizona» ipuin musikatua?

Gauza bitxiak gertatu ziren. Esango nuke ia argitaratu izan ez balitz bezala izan zela. Madrileko diskoetxe batek proposatu zidan egitea, euskaraz. Beste hizkuntza batzuetan egina zegoen. Egin genuenean aurkezpen txiki bat egin zen hemen, baina gero ez dakit zer gertatu zen hango banatzailearekin, hemengoarekin… linboan gelditu zen diskoa. Jendeak zerbait entzuna bazuen, eta galdetu egiten zidaten, baina nik neronek ere ez nekien zer gertatzen zen diskoarekin. Gero, nola hasi ginen gu geu gure diskoak ateratzen, pentsatu nuen berreskuratu egin behar genuela disko hori. Disko polita eta interesantea da; Jean Gionoren ipuina da eta Ameriketako Estatu Batuetako Paul Winter Cosortek egin zuen mundu guztirako, esklusiban, musika. Bi aldeekin harremanetan jarri eta akordio batera iritsi ginen. Erabaki genuen presentzia ematea disko honi, hor nonbaiten egon behar zuelako.

Ipuin bat kantatzen kontatzea ez da erraza izango, ezta?

Nik ez dut kantatzen, kontatu egiten dut. Musika oso polita dago inguruan, kontakizuna girotzen duena. Nik halako errezitatze gautiar bat egiten dut. Funtzionatzen du. Nire alaba oso umea zenean gustatzen zitzaion gauero ipuin bat kontatzea, eta asmatzen nituen batzuk kontatzen nizkion. Halako batean disko hau jartzen hasi eta ikaragarri gustatzen zitzaion, eta berehala lo hartzen zuen gainera. Badu halako baregaitasun bat kontakizunak.

Soinu banda moduan al dago antolatuta?

Istorioa hasten da eta, une batean, tartegune bat dago musika sartzen delarik, eta gero berriro hasten da narrazioa. Baina narrazioan bertan ere musika laguntzen dago. Eta gainera, badago une bat niri gehien gustatzen zaidana. Pasarte bat kontatzen ari naiz, zer gertatzen den giro horretan, eta une horretan musikak, txelo, piano, oboearekin, bien arteko atmosfera polita sortzen du. Kontakizunak irakurri egiten dira normalean, eta kasu honetan kontakizuna beste norbaitek kontatzen du musikaren laguntzarekin eta beste dimentsio bat hartzen du. Baina, azken finean, produktu literario bat da. Irakurri beharrean, entzun egiten da. Belarriekin irakurtzen duzu. Orain badago moda ekologista bat, planeta salbatu behar dugula, klimaren aldaketa aipatzen da… Nik ez dut horretan pentsatu, baina egia da ipuinak sentsibilizazio horretan lagun dezakeela.

Testua zuk zeuk euskaratu al zenuen?

Aitor Aranak egin zuen itzulpena. Gu geu hasi ginen baina beste gauza batzuetan ari ginen lanean eta nork egin zezaken pentsatzen hasi eta Aitor Aranari egin nion proposamena. Berak gustu handiz onartu zuen. Egia da beti egiten dituzula zuzenketak edo gauzak beste modu batera esango zenituela zehazten duzu, zure gustura moldatuz, baina multzo nagusia Aranarena da.

«Ospakizun gauean» diskoko birarekin zabiltza. Urteko azken kontzertua abenduaren 29an izango da, Iruñean.

Iaz kontzertua eman nuen Baluarten, Eguberrietan. Disko berria nuen eta justifikatuta zegoen, eta «hurrengo urtean berriro» esan zuten. Nik nahiago dut pixka bat asimetrikoki ibiltzea, zeren bestela badirudi zure familiak antolatzen duela eta hor jartzen zaituztela tradizio moduan... Baluarten izango gara, baina aurretik badaude beste kontzertu batzuk: Biarritz, Beasain, Zestoa, Orio…

Eta datorren urtera begira zer?

Nik ez dut behin ere bira bat programatzen, ni ez naiz behin ere geldirik egon; «orain geldialdi bat egingo dut» ez diot nire buruari esan sekula. Nire jarrera jarraitzea da. Kantaldien antolakuntza, batzuetan, denboran luzatzen da. Ni hemen nago beti.

Eta diskoetxean zein proiektu dituzue esku artean?

Azaroaren 8an Olatzen [Zugasti] diskoa aterako da, Orion maiatzean eman zuen kontzertuaren grabaketarekin. Ez genuen proiektu hori baina bi astera grabatu egin zutela esan ziguten, mahai berria probatzeko. Gero konturatu ginen pixka bat landuta disko bat zegoela, eta hala izan da. Datorren urtean ikusiko dugu eskuartean ditudan gauzekin zerbait egin dezakegun, momentuz ezin dugu dimentsio handiko kontuetan sartu. Gure gustuko gauzak egiten ari gara.