Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

«Amets alokatuak», Harkaitz Cano eta Iñaki Holgadoren komiki «neofuturista»

Ikastolen Elkarteak editatzen duen «Xabiroi» aldizkariak urtero komiki bat argitaratzen du. Bilduma osatzeko, egile desberdinei egiten diete sorkuntzarako proposamena, eta horren fruitua da lan hau.

Harkaitz Canok eta Iñaki Holgadok “Xabiroi” aldizkarirako elkarrekin egin duten laugarren komikia kaleratu dute. “Amets alokatuak” lanak aurreko istorioen ildoari heltzen dio «neofuturismoari» lotutako gaiak proposatuz.

Aurkezpenean Canok azaldu zuenez, “Inception”, “Strange days”, “Being John Malkovich” eta “The eternal sunshine of the spotless mind” filmetan oinarritu zen gidoia egiteko. Holgadok bestelako keinuak ere badituela aipatu zuen, adibidez, drogazaletasunarekin paralelismoak daudela. Protagonista Zorban da, ametsekin trafikatzen duen ikerlari bat: «Ametsak erauzi, berrerabili, manipulatu eta merkatu beltzean saldu daitezkeen gizarte bat da; hau da, gurea», esan zuen idazleak.

Jatorrizko istorioa 2014koa bada ere –“Xabiroi” aldizkariko komiki bilduma osatzeko enkargu gisa sortu zuten–, aurretik izan zuten ideia, baina hasiera batean ametsen bideoklub baten gisara irudikatu zuten istorioa, legezko negozio bat bezala. Gerora klandestino bilakatzea erabaki zuten.

«Hasieran ez genuen oso argi errealitatea eta ametsak bereizi ala ez. Azkenean, orrialde batzuk berregin behar izan nituen, bien arteko aldea nabarmena ez izateko», esan zuen Holgadok. Laranja eta urdina dira komikiko kolore nagusiak, eta bakoitzak bere esanahia dauka. Koloreekin mezu subliminal bat dago komikiaren maketazioan bertan.

Laugarrenez jardun dira egile biak elkarrekin eta, aitortu zutenez, jada elkar ezagutzeak sorkuntza prozesuan bien arteko komunikazioa erraztu du.

Canok gidoi teknikoa idazten du, bineta nolakoa izatea nahi duen adieraziz, eta ondoren Holgadok ahal bezain ondo islatzen du marrazkiekin. «Nik gauzak ez nituzke horrela kontatuko ez nobela batean, ez ipuin batean. Komikia fantasiarako irtenbide bat da, askatasun eremu bat. Ez ditu film eta antzezlanek dituzten mugak. Literaturan zortzi orrialde zinean plano bat dira. Baina plano hori osatu egin behar da. Nik bi lerrotan bentilatzen dudan zerbait, berarentzat astebeteko lana izan daiteke», adierazi zuen Canok bere kidearen lanari buruz. Marrazkilariak, berriz, idazlearekin lan egitea berarentzat «aberasgarria» dela esan zuen.